Kazeta

AEKren euskara kurtsoetarako izen ematea abian

“Zu hemen zaude, AEK ere bai” lelopean, irailaren 10etik aitzina helduentzako euskara kurtsoetan izena emateko zerbitzu iraunkorrak hasiko dira Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako Gau Eskola guzietan. Kurtsoen hastapena berriz, urriaren 1ean finkatua da.

AEKk bere eskaintza aurkeztu du Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
AEKk bere eskaintza aurkeztu du Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

AEKren Gau Eskoletan euskara ikasi eta hobetu nahi duen orok izena emateko hiru asteko aldia izanen du. Hain zuzen, irailaren 10ean emanen zaio hastapena izen emate kanpainari, kurtsoei urriaren 1ean ekingo zaien bitartean.

AEKk jakinarazi du Euskal Herri osoan badirela 100 Gau Eskolatik goiti eta horietatik 15 Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoan kokatuak direla. Hiru herrialdeotan 1.500 pertsona baino gehiagok deliberatzen dute urtero euskara ikastea. “AEKk hurbilduko den ororen zerbitzuko ezarriko ditu bere esperientzia, irakasle prestuak eta metodo eta ikasmolde eraginkorrak”, adierazi du helduen euskalduntze eta alfabetizazioaz arduratzen den erakunde euskaltzaleak.

Kanpainaren karietara, euskara kurtsoetan izena emateko interesatua den orok Gau Eskola bakoitzeko informazio zehatza (lekua, ordutegiak eta telefonoa) eskuratzen ahalko du www.aek.eus webgunean eta zuzenean ere izena emateko aukera izanen du.    

Eskaintza zabala urte osoan zehar

Euskara ikasi eta landu nahi duten herritarren beharrak eta baldintzak arras ezberdinak izaten direnez, beste urte batez, AEKk bere eskaintza behar horietara egokitzeko ahalegina egin du.

Horien artean dira 3, 6 edo 6 hilabetez B1, B2 edota C1 mailak lortzeko azken urtetan antolatu ohi dituen ikastaro intentsiboak. Epe mugatuan, ahozko eta idatzizko gaitasun sendoak lortzea dute xede. Lurraldeko lan munduaren eskaerara egokituz, besteak beste, haurtzaro-gaztaro arloko langileei eta harrera, animazio, aisialdi, jendeen artapen, turismo eta hezkuntza arlokoei zuzentzen zaizkie kurtso hauek.

Ikastaro intentsiboez harago, modulu eta formazio ainitz badira hautatzeko. Konparazio batera, Gau Eskola guzietan ematen diren arratseko eta eguneko klaseak. Hauetan maila guziak emanen dituzte, astean 5-6 orduz, 2018ko urritik hasita 2019ko ekainera bitartean.

Esparru ezberdinetako beharrei ere erantzuten entseatzen da erakunde euskaltzalea. Buraso taldeei zuzendutako kurtsoak, enpresa barnekoak edota lanbideari loturikoak (Lurralde Kolektibitatea, haurtzaindegi, zahar etxeetako langile...). EGA diploma ere eskuratzeko aukera bada internet edo zuzeneko kurtsoen bidez.

Gau Eskolara joan gabe, B1 mailatik goiti euskara hobetu nahi duten pertsonek edozein leku eta tenorean ikasten ahalko dute online ikastaroen bidez. Interesa duenak www.egela.aek.eus helbidera jo besterik ez du.

AEKk oroitarazi du hizkuntza bat ikasteko hizkuntza hori mintzatzen deneko ingurunean murgiltzea bezalakorik ez dela. Hain zuzen, egunean 24 orduz euskaraz bizitzeko parada ematen dute horretarako antolatu ohi dituen barnetegiek. Bizkaiko Forua herriko barnetegian urte osoan ikas daitekeen bitartean, Ipar Euskal Herrian neguko nahiz udako oporretan aste bat edo biko barnetegiak izaten dira.