Kazeta

Irailean zehar, euskara nagusi

Mintzalasai festibalaren kari, euskarari toki handia emanen zaio Baiona-Angelu-Miarritze eremuan iraila osoan zehar. Helduentzat, haurrentzat baita familientzat ere orotara 75 jarduera izanen dira, egitarau aberats honen barnean.

Mintzalasairen zazpigarren edizio hau 90 laguntzailek posible egin dute. © Isabelle MIQUELESTORENA
Mintzalasairen zazpigarren edizio hau 90 laguntzailek posible egin dute. © Isabelle MIQUELESTORENA

Baionako Too Late "ihesaldi-joko" gunean iragan da aurtengo Mintzalasai festibalaren egitarau anitza eta oparoaren aurkezpena. 75 jarduera proposatuko dira, heldu, haur edota familiei zuzenduak. Irailaren 1ean hasi zen zazpigarren edizio honetan, berrikuntza frango badira. "Ihesaldi-jokoa", erakusketen bisita gidatuak, sukaldaritza tailerrak... Euskara izango da nagusi BAM (Baiona-Angelu-Miarritze) eremuan, irailaren 30era arte. Ekitaldiaren azken eguna Marion aintziraren bazterrena iraganen da, lagunarteko festa handi batekin.


Zer ote da "ihesaldi-jokoa"? Filma batean egongo balitz bezala, osoki dekoratua den gela baten barnean isolaturik, lagun talde batek hainbat enigma asmatu behar ditu aske egon ahal izateko, oren bateko denbora mugatuan. Joko honek mobilizatzen duen elkartasun eta kooperazio espirituarekin bat egiten du Mintzalasaik. Aurten, Too Late izanen dute partaide iraunkor berria. Izan ere, hemendik aurrera Baionako enpresa "ihesaldi-jokoaren" esperientzia euskarazko bertsioan ere eskaintzea engaiatu da. Irailaren 22 eta 26an egingo dituzte lehen-lehen saioak. Nahi duenak eskaturik, urte osoan jokoa euskaraz zehar proposatzea dute helburu.

Spacejunk, "street-art" edo karrikartea sustatzen duen elkarteak bi bisita antolatuko ditu euskaraz. Irailaren 15ean larunbatez, arratsaldeko 2etan, Baionako muralen bisita gidatua eskainiko du DIDAMetik abiatuz. Ber tokian, irailaren 29an goizeko 11etan, Martha Cooper argazkilariaren erakusketa euskaraz aurkeztuko dute ere. Helduentzat beti, Kalostrapek "Itsuan jan" modan bilakatzen ari den bestelako afari esperientzia eskainiko du, arratseko 19:30etan.

Haurrak ere nagusi

Hizkuntzen Europako egunaren kari, irailaren 26an asteazkenez, arratsaldeko 2etatik goiti, 6 eta 12 urte arteko haurrei "Skate" iniziazioa eskainiko zaie, Biarritzeko Skate Park berrian. Bestalde, Baionako Ansot ordokian, Joseba Martin Ayalak 7 urtetik 12 urterainoko haurrentzat hartzari buruzko ipuinak kontatuko ditu, irailaren 8an larunbatez, arratsaldeko 15:30ean.

Antolatzaileek azpimarratu nahi izan dute Ipar Euskal-Herriko biztanleagoaren %8a baizik ez dela euskal hiztuna. Zenbaki horrek 15.800 biztanle errepresentatzen ditu. Hots, "uste baino gehiago garela" diote Mintzalasaikoek, ekitaldiaren lemak dion bezala.

Egitarau guzia eta izen-emateak: www.mintzalasai.eus