Kazeta

Animatzaile izateko formazio saioa Donibane Garazin

Urriaren 21etik 27ra bitartean, Donibane Garaziko Frantsesenia laborantza lizeoak AIGA (Animatzaile Izateko Gaitasun Agiria) formazio orokor bat antolatu du barnetegian. Gazteak izena ematera animatzen ditu.

Formakuntza urriaren 21etik 27ra bitartean burutuko da. © Frantsesenia lizeoa
Formakuntza urriaren 21etik 27ra bitartean burutuko da. © Frantsesenia lizeoa

AIGA (frantsesez BAFA gisa ezagutua) diploma animatzaile izateko formazioa da eta aisialdi zentroetan eta egonaldietan lan egiteko beharrezkoa da. Ildo horretan, Donibane Garaziko Frantsesenia laborantza lizeoak bere barnetegian AIGAri buruzko formazio saio bat proposatu du. Heldu den urriaren 21etik 27ra bitartean burutuko da, igandetik larunbatera, hain zuzen.

Saioaren gaia “Hedabideak” izanen da eta formazioa elebidunez eskainiko da, euskaraz zein frantsesez. Formazio saioak 400 euro balio ditu. Izen emate txosten bat bete eta urriaren 15a aitzin bideratu beharko da Donibane Garazin kokatua den lizeora. Edozein xehetasunetarako 0559372235 telefonora deitu edo contact@frantsesenia.com helbidera idatz daiteke.