Anaiz Aguirre Olhagaray

Gastibeltza Filmak, Donostiako Zinemaldira bidean

Senpereko euskal zinemaren ekoizle eta banatzaileak aurtengo Zinemaldian hautatuak izan diren bi filmatan hartu du parte, Josu Martinezen “Jainkoak ez dit barkatzen” eta “Gure oroitzapenak”, Joseba Sarrionandiaren obraren inguruko hamabi film laburrez osaturiko elkarlanean.

Iaz, Gastibeltzako taldeak ekoitzi zuen "Non" filmak euskal gidoi onenaren saria jaso zuen.
Iaz, Gastibeltzako taldeak ekoitzi zuen "Non" filmak euskal gidoi onenaren saria jaso zuen.

Sekulan baino euskal ekoizpen gehiago ikusi ahalko dira irailaren 21ean abiatuko den 66. Zinemaldian. Orotara hogei film izango dira eta horietatik hamabik, Zinemira atalean hartuko dute parte. Pasa den ostiralean Zinemaldiak iragarri zuenaren arabera, tartean bi filma Ipar Euskal Herrian sortu berri den Gastibeltza euskal zinemaren ekoizle eta banatzaileak koproduzitu ditu, "Jainkoak ez dit barkatzen" eta "Gure oroitzapenak", hain zuzen. Egun berean abiatu zen Gastibeltzako kideek ekoitzi zuten "Non" filmaren estreinaldia, Hego Euskal Herriko eta Espainiar estatuko zinema geletan.

Irailaren 25ean emango da "Jainkoak ez dit barkatzen" Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Lezo Urreiztieta XX. mendeko euskal borrokalariaren inguruko filma da Baigorrin bizi den Josu Martinezen lan berria. Horrez gain, zinegile bilbotarrak "Ama" laburmetraia aurkeztuko du ere, aurtengo Kimuak euskal film laburren hautaketaren barnean.

Joseba Sarrionandiaren obrak inspiratu duen hamabi film laburrez osaturiko "Gure oroitzapenak" lan kolektiboan ere hartu du parte Baigorriko zinegileak, Donibane Lohizuneko Itziar Leemans eta Eugène Green paristarrarekin batera. Hamabi zinegileetatik, bakoitzak badu harremanik euskal idazlearekin, dela pertsonala eta afektuzkoa, dela literarioa, dela miresmenezkoa… eta denek batera, bere poemak edo ipuinak zinemara ekartzen ahalegindu dira.

Telmo Esnalen "Dantza" Sail Ofizialean

"Loreak" (2014), "Amama" (2015) eta "Handia"-ren (2017) ondotik, euskarazko film bat ikusi ahalko da Sail Ofizialean, nahiz eta lehiaketaz kanpo izango den. Telmo Esnalen "Dantza" emanaldi berezi gisa emango dute Zinemaldian. Iaz, Glocal in Progress-en lehen edizioan Industriaren Saria lortu zuen proiektuak. Filmak euskal dantzen sinbologia eta hipotesiak kameraren aitzinean ezartzen ditu. Horretarako, Juan Antonio Urbeltzen ikuskera eta Koldobika Jauregiren mundu estetikoa izan ditu lagun Esnalek. Bestalde, euskal zinemaren izarra bilakatu den Ramon Agirre antzezleari Zinemira saria emango zaio, bere ibilbideari omenaldi gisa.