Reportaje
 
Xiberotar gazteek etxean lan egin dezaten

Joan den udaberrian "gazteei orientatzen laguntzeko" gidaliburua aurkeztu zuen Azia gazte elkarte xiberotarrak. Orain promozioa egiten ari da uda baliatuz eta haien ideia plazaratzeko xedez, herriz-herri pasatzen ari dira elkarteko kideak.

HARITZ LARRAÑAGA|27/08/2018 07:28|0 comentarios
0809_eh_zuberoa1
Xiberoako langabezia tasa %7,1ekoa zen 2014an.

Joan den apirilaren 7an izan zen aurkeztua “Xiberoko Lanbideen Gidalibürüa” Gotaine-Irabarneko jauregian. 80 pertsona bertaratu ziren, "gazteak, hautetsiak, enpresariak... ahalik eta sektore gehien ordezkatzen duen jendea deitu genuen", adierazi zuten Azia elkarteko kideek, Garako artikuluan jasotzen den gisan.

Egindako lana aurkeztu ondotik, erabilia izan den metodoa, estatistika ekonomikoak, Xiberoako ekonomiaren nondik norakoak eta ateratako ondorioekin osatutako diagnostikoaren berri ere eman zuten. Larunbat goiz osoa hartu zuten gida aurkezteko, baina merezi izan zuen, antolatzaileen erranetan gidak harrera oso ona izan baitzuen eta ainitz izan baitziren egindako lanagatik zoriontzera hurbildutako herritarrak.

Orain, uda sasoian, gisa berean ari dira, herriz herri aurkezpenak eginez "gida ezagutarazi eta jendea kontzientziatzeko". Xiberoatik landa hitzaldiren bat eskainia izan da jada, Baionan kasu, baina gidaliburua xiberotarrei begirakoa denez, bertan indar berezia egin nahi dute. Horregatik antolatu zituzten uda honetarako lau bilkura.

Udako lehen hitzaldia uztailaren 18an egin zuten Liginaga-Astüen. Joan den agorrilaren 2an, aldiz, Barkoxen egin zuten aurkezpena, 16an Lakarrin eta hurrengoa Idauze-Mendin izanen da, agorrilaren 29an.

Xiberoa, eremu emankorra

Gidaren egileek aitortu zutenez, zonbait datuk harridura sortu zuten haiengan eta aitzinetik uste ez zuten ondorio bat atera zuten azterketa bururatu zutenean, hots, "Xiberoa ekonomikoki eskualde emankorra dela".

Alta, emaitzak aurkeztearekin ez da aski, ondorio horretara nola iritsi diren ere agertu behar baita eta horretarako datu bilketa mamitsua egin behar izan zuten. Segidan datu guziak sailkatu zituzten diagnostiko osatu bat izaiteko, eta azken emaitzak lan mardul horren ondotik jin ziren.

Hiru sektore nagusiak laborantza, industria eta zerbitzuak dira, baina ikerketen arabera, badira azken urteetan emendatu diren lan arlo zehatzak. Konparazio baterako, lanpostu gehien eraikuntzan, laborantzan, industrian, osasungintzan, pertsonen zaintzan, lantegien sustapenean eta ikerketa arloan sortu dira.

Kontzientziazioa

Uda honetan zehar, erran bezala, proiektua ezagutarazten eta jendea kontzientziatzen jarraitzeko hitzaldiak antolatu ditu Azia elkarteak. Bilkuren formatua apirileko aurkezpenean erabili zuten berbera da, baina hitzaldi bakoitzean gai guziak landu beharrean, gai zehatz bat lantzen dute, gisa horretan gehiago sakontzeko aukera baitute.

Beraz, bakantzen garaia lanean jarraitzeko baliatu dute Aziako kideek. Izan ere, ikasturte berriaren hastapenerako etxeko lanak eginak izan nahi dituzte. Irailetik aitzina martxan jarriko dituzten beste zonbait egitasmo ere baitituzte esku artean.

Erraterako, gidaliburuak banatuko dituzte ikastetxe publiko eta eraikin publikoetan. Haien interneteko gunea ere baliatu nahi dute informazioa zabaltzeko (www.azia.xyz), eta horrez guziaz gain, diru bilketa parte-hartzaile bat ere eginen dute, "geroari begira gida eguneratzen, egokitzen eta elikatzen segitu ahal izaiteko dirua behar baita", azaldu zion GARAri Elodie Recaldek, Azia elkarteko ordezkariak.

Helburua, urtero gida eguneratu eta bost urtean behin gidaliburu berria argitaratzea da. Baina batez ere, "proiektua biziarazi nahi dugu, eskoletan txertatu, tailerrak antolatu, enpresari, irakasle eta burasoekin lan egin, haiek ere gazteei orientatzen laguntzeko".

Gida honen xedea horixe baita, orientazioan laguntzea. Recalderen erranetan, gazteek erabaki bat hartu aitzin informatzeak berebiziko garrantzia du. Honela esplikatzen du Aziako kideak haien lana zertan den: "Gazteak kanpora joaten dira ikastera eta lortutako diplomak ez die hemen lan egiteko balio; beraz, nahiz eta hemen geratu nahi izan, kanpora joan beste erremediorik ez dute. Ondorioz, erabakia hartu aitzin informatu nahi ditugu, zein ikasketa egin behar dituzten hautatzeko momentuan eskualdean bertan ikasketa eta lanbide mailan zein aukera diren jakinarazi, gerora begira bertan lan egin eta bizitzen jarraitu nahi badute zein aukera izanen dituzten aurreikus dezaten".

Gida aurkeztu zutenetik, "eskualdean bizi den edo bizitzera etortzeko asmoa duen jendeak gurekin kontaktatu du", azaltzen zuen Recaldek, baina ohartarazten zuenez, "jendeak gida eskuratu nahi du lanpostu bat lortzeko itxaropenarekin, baina gidan ez da lan eskaintza zuzenik, lana zein arlotan topatzen ahal duten jakiteko laguntza eskaintzen baita eta zonbait kasutan informazio lagungarria eskaintzen ahal dugu, baina ez da lan-eskaintza iragarkien taula bat".

Xiberoan lan eta bizi

Gidaliburu honen jatorria eta elkartearen oinarria antzekoak dira, "Xiberoako gazteak kanpora joaten dira, baina eskualdean bertan bada aukera ainitz". Horregatik sortu zen Azia elkartea duela hogei urte. "Ikusi zen Xiberoa emeki-emeki hustuko zela gazteak joaten baziren; beraz, gazteei tresna bat eskaini behar zitzaien Xiberoan geratzeko nahia izan zezaten", argitzen zuen Joana Hoqui elkartekideak, Kanaldude telebistan egin zuten mahai-inguruan.

Lehen urrats esanguratsua Gazteentzako Aurrezkirako Lekuko Taldea (GALT) sortzea izan zen. Talde honen eginbeharra dirua bildu eta enpresak sortu nahian ziren jendeei laguntza ematea zen. Mailegu txikien bidezko sistema honek oraindik indarrean segitzen du.

Beste urrats garrantzitsu bat 2012an eman zuten. Lurraldeko diagnostiko bat egin zuten eta bi datu kontrajarrirekin egin zuten topo. "Konturatu ginen, batetik enpresek lanerako jenderik ez zutela topatzen, eta bestetik, gazteak joan egiten zirela lanik topatzen ez zutelako; beraz, enpresak eta gazteak lotzeko bitarteko bat behar zen", egin zuen gogoeta Recaldek.

Diagnostiko hartatik ideia bat atera zen eta egitasmo berri bat jarri zuten abian, "Xiberoako Ofizioen Gida" eta 2015ean gida finantzatzeko laguntzak eskatzen hasi ziren. Recalde lan horretan buru-belarri aritu zen: "Departamendua, Erregioa, Udalbiltza, Euskal Elkargoa... ate guztiak jo genituen, eta horrez gain, 2017an diru bilketa berezi bat egin genuen. Horri guztiari esker gauzatu ahal izan da proiektua, haien laguntza gabe ezinezkoa litzateke".

Lapurdi versus Xiberoa

Euskal Herrian orain guti arte hazkunde demografikoa emendatu egiten zen, baina azken urteetan beheranzko joera hartu du, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoan izan ezik. Alta, hiru herrialdeen artean, Lapurdi da gero eta biztanle gehiago metatzen jarraitzen duen herrialde bakarra. Kontrara, biztanleria gehien galtzen ari den Euskal Herriko herrialdea Xiberoa da. Hortaz, Euskal Herrian emendatze eta gibelatze handiena izaten ari diren bi herrialdeak, Lapurdi eta Xiberoa, elkarrengandik oso hurbil egon arren, kontrako zentzuan doaz.

Azken hogei urteetan Lapurdik 40.000 biztanle gehiago hartu baditu, Xiberoan biztanleriak behera egin du eta gazte ainitzek kanpora joatea erabaki dute (gazteriak %16,9 behera egin du). Kontuan hartu behar da, Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %14 baino ez dela bizi barnealdean.

Azken hamarkadan Lapurdik hazten jarraitu du (%7,6) eta Gaindegiaren azterketen arabera 2030. urtera arte hazten jarraituko du (%10,2). Beste muturrean Xiberoako datuak daude, biztanleriak %5,9 egin du behera azken hamarkadan eta 2030. urtea bitartean %13,9ko galera izanen duela espero da.

Azken bost hamarkadetan Lapurdiko biztanleria bikoiztu egin da eta Xiberoan jaitsi, Baxe Nafarroan berdin jarraitu duen bitartean. 1990. urtetik ia 100.000 biztanle hartu dituen lurraldea dela kontuan hartuta, Lapurdiko emendatzea alimalekoa dela esaten ahal da. Horregatik, bilakaera honen eraginez, Ipar Euskal Herriko joera orokorra goranzkoa da eta 2013. urterako 320.000 biztanle izatea espero da.

Lan arloari loturik, Lapurdin lanpostu gehienak zerbitzuen sektoreari lotuak dira; Xiberoan, aldiz, eremu honetan gibelatze bat izan da, baina beste sektore batzuk indartu dira. Edozein gisan, oraino zerbitzuen saila da esanguratsuena Xiberoan (%40), segidan industria (%24) eta azkenik, laborantza (%15).

Xiberoako langabezia tasa %7,1ekoa zen 2014an, Estatu frantsesarenaren erdia (%14). Egungo datuen arabera, lanpostu bat duten xiberotarren %93 Xiberoan bizi da eta bertan ari da lanean.

Ikusten ahal denez, argi-ilunak badira eta Azia elkarteko kideek, gidaliburua esku artean dutela, aukeren berri eman nahi diete Xiberoako gazteei, urtez urte datuak hobeak izan daitezen eta argigune gehiago izan dadin.