Xan Idiart

Sarako errugbi taldeak Euskal Ligarekin bat egin du

Kluba suspertu eta salbatu nahirik, Akitania mailako txapelketa utzi eta Euskal Ligan jokatzea erabaki du Sarako errugbi taldeak heldu den urtetik goiti.

Bilbotik hurbil den Getxoko taldeak Euskal Ligan jokatzen du adibidez. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Bilbotik hurbil den Getxoko taldeak Euskal Ligan jokatzen du adibidez. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Euskal Ligan jokatuko duen Ipar Euskal Herriko lehen errugbi taldea da Sarakoa. Hain zuzen, heldu den ikasturtetik goiti, Akitaniako lehiakideak utzi eta Donostia, Hernani eta Getxoren kontra aritzeko parada ukanen du Lapurdiko klubak, helduei dagokienez behintzat.

Taldea suspertzeko eta salbatzeko asmoz denen artean hartu dutela erabakia azaldu du klubeko lehendakaria den Patxi Jaureguik. "Gazte gutxi ditugu juniorretan. Edo ez dute gehiago izena ematen edo nahiago dute inguruko beste klubetara joan."

Talde tipia da Sarakoa, Departamenduko laugarren txapelketan ziharduena eta hirugarrenera igaiten lortu zuena. "Baina aldaketa bat izan da, eta Akitania mailako lehiaketa bat plantan ezarri dute orain" deitoratu du Patxi Jaureguik.

Adostasun osoa

Igarotzeko lana debaldetan egin dutela iruditu zaie, eta gainera Biarnokoak baizik ez diren kluben aurka jokatu behar zuten irailetik goiti. "Euskaldunak gara minimo bat eta jokalariek nahiago zuten Donostiarren kontra aritu Biarnokoen kontra baino."

Pario bat egin dute beraz saratarrek : Euskal Ligan ahal bezain ongi jokatu eta arrakasta biltzea dinamika bat sortzeko. "Ez da gauza errexa izanen" abisatu du lehendakariak. "Hegoaldean badira garapen betean diren taldeak eta maila izugarri ona dutenak."

Proiektuak kasik adostasun osoa bildu du kideen artean. Hogeita hamar pertsonaren gainean, bakar batek ez du bat egin egitasmoarekin. Sasoia hasteko irrikitan daude orain errugbilariak.