Kazeta

Eragileak mordoka Alternatibaren etorrerako Baionan

Urriaren 6an iristekoa da 2018ko Alternatiba bira Lapurdiko hiriburura. Bi egunez, ehun bat politikari, aditu eta zientifikok parte hartuko dute ekimenean trantsizio ekologikoa helburu.

Alternatiba Tourra Baionatik abiatu zen jadanik 2015ean. (Bob EDME)
Alternatiba Tourra Baionatik abiatu zen jadanik 2015ean. (Bob EDME)

Pertsonalitate ospetsuak hurbilduko dira Baionara urriaren 6tik 7ra. Bi egun horietan bukatzekoa da 2018ko Alternatiba bira, trantsizio ekologikoa helburu duen ekimena.urriaren Aldarrikapen hori ahal bezain gora eramateko, zientzialariak, politikariak eta eragileak txandakatuko dira beraz bi egunez mintzaldiak emateko.

Politika mailan ministro ohi batzuk presente izanen dira Baionan: Benoit Hamon Hezkuntza ministro ohia, Delphine Batho eta Corine Lepage Ekologia ministro ohiak, besteak beste. Auzapez batzuk ere gerturatuko dira Lapurdira. Hernanitik Luis Intxauzpe auzapeza etorriko da, Tramayesetik Michel Maya eta Grenobletik Eric Piolle.

Gobernuz Kanpoko Erakundeetako (GKE) ordezkariak ere izanen dira Baionan. Horietan, Fondation pour la Nature et l'Homme erakundearen izenean, Audrey Pulvard mintzatuko da. Oroitarazi behar da GKE hori gaurko Ekologia ministroak sortu zuela 1990ean, hots Nicolas Hulot-ek. Erakunde altermondialista den Attac-en izenean berriz Aurélie Trouvé presente izanen da.

Alternatibaren etorreran parte hartuko duten pertsonak:

 

 

Mintzaldiez gain, musika talde andana batek Baionako karrikak alaituko ditu. HK et l'Empire de Papier, Glaukoma, Old School Funky Family, Patxi ta Konpainia, Aire Ahizpak, Kilika, Zeze, Kalune, Kli-K, Nul, Batucada Tim'Bodé Malungos, Kuxkuxtu, eta Zezenaren Taldea izanen dira besteak beste.

Laguntzaileak ezinbestekoan

Baina bi egun horiek ahal bezain ongi iragan daitezen, laguntzaileak xerkatzen dituzte oraindik antolatzaileek.  Horretarako, izena eman behar da hemen. Arduradunak, sukaldariak, bideo-egileak, xitxuketariak, artistak, musikariak "artoski gomitatuak dira oraindanik antolakuntzarekin harremanetan sartzera" dio Bizik mugimendu altermondialistak.

Oroitarazteko, Alternatiba bira Parisetik abian zen joan den ekainaren 9an eta 200 eskualde zeharkatu behar ditu orotara. Agorrilaren lehenean, Charleville-Mézières-en izanen da Estatu frantsesean.