Kazeta

Abian da euskal presoen eskubideen aldeko bizikleta martxa

Mont de Marsan eta Zaballako presondegiak lotuko dituen bizikleta martxa abiatu dute uztailaren 20ean. Sare eta Bagoazek antolatutako ekimenak euskal presoen eskubideen defentsa aldarrikatzeko xedea du. Lehen helmuga Baiona izanen da.

Emilie Martin Bagoazeko bozeramaileak hitza hartu du hasieran. Argazkia: Sare
Emilie Martin Bagoazeko bozeramaileak hitza hartu du hasieran. Argazkia: Sare

Frantziako Estatuaren "borondate aldaketaren adierazle" den Mont de Marsango espetxetik abiatu da gaur goizean Sarek eta Bagoazek antolatu duten bizikleta martxa. Ekimenaren berri ematean adierazi zuten eragile bietatik espetxe horretan ikusi dela «gizarte zibilaren lanaren garrantzia», Naiz atariak azaldu duenez.

Azken hilabetean sei euskal preso gerturatu dituzte Frantziako Estatuan eta guztira 20 dira Parisek urruntze politika aldatu zuenetik gerturatutakoak. Hain zuzen ere, lekualdatu duten azkena Javier Abaunza da, Lannemezarena hurbildu dute hain zuzen.
 
Presoen eskubideen aldeko eragileek ekimena aurkeztean Espainiako Gobernuak antzeko bidetik jotzeko adierazitako asmoa txalotu zuten eta urratsak falta dira orain.

Hala nabarmendu dute Sare eta Bagoazeko ordezkariek Mont de Marsango espetxe atarian egin duten ekitaldi laburrean. Inaxio Oiarzabal eta Emilie Martinek hartu dute hitza bi eragileen izenean eta azken hilabeteotan izandako mugimenduetan gizarte zibilaren ekimenak izan duen balio azpimarratu dute. Martinek gogoratu du, hala ere, gerturatzeaz gain gaixo diren presoak aske uztea eskatzen ari direla eta baita zigor luzeak beteta kalean egon beharko luketena ere. Espres aipatu ditu Ion eta Kepa Parot, Jakes Esnal eta Xistor Haranburu. Oiarzabalek ere bide beretik gogoratu du larriki gaixo direnen egoera eta Espainiako Estatuan zigorren batuketak bertan behera uzteko beharra azpimarratu du eta baita euskal presoak lehen gradutik ateratzeko beharra ere. 

11.00ak pasatxo ekin diote txirrinduzaleek bideari Mont de Marsandik eta Baionara iritsiko dira gaur bertan. Larunbateko etapa Donostia artekoa izango da eta gandean Altsasura iritsi asmo dute. Astelehenean beteko dute ibilbidea Zaballan, aurrez Gasteiztik igarota.