Iurre BIDEGAIN

Tokiko zerbitzuen kalitatearen defentsan

Donibane Garazi-Baiona trenbidearen egoera salatu dute 90 pertsonek uztailaren 19an iragan den manifestazioan. CGT, LAB eta Sud Rail sindikatuak Baxe Nafarroako herrian elkartu dira, bide batez, Gobernu frantsesaren erreforma beste behin salatzeko.

Alice Leycagueçahar Eskualdeko kontseilariak hitza hartu du Donibane Garaziko tren geltokitik abiatu den manifestazioan. © Bob EDME
Alice Leycagueçahar Eskualdeko kontseilariak hitza hartu du Donibane Garaziko tren geltokitik abiatu den manifestazioan. © Bob EDME

Donibane Garazira eraman dute beren aldarria trenbideetako langileek. CGT, LAB eta Sud Rail sindikatuek deiturik, 90 bat pertsona elkartu dira Baxe Nafarroako herrian uztailaren 19an. Nahiz eta Baiona-Donibane Garazi trenbidearen defentsa mobilizazioaren gai nagusia izan, Gobernuak plantan eman nahi duen erreformaren kontra ere agertu dira manifestariak.

Goizeko 10.00etan finkatua zuten hitzordua trenbideetako langileek. Horiez gain, tokiko hautetsi batzuk ere hurbildu dira Donibane Garaziko tren geltokira, hala nola, Alice Leyciagueçahar  Eskualdeko kontseilaria.

Peio Dufau CGTko kideak azaldu duenez, hautetsi batzuek ez dute onartzen Garazi-Baiona tren zerbitzuan arazoak daudela. "Haiek espero zuten trenbidea berrituz, jende asko etorriko zela, baina ez dira ohartzen ordutegi eta zerbitzu onik gabe jendea ez dela etorriko", erantsi du.

Sindikalistaren erranetan, helburua ez da soilik trenbidea arraberritzea, baizik eta urte osoan zerbitzua ziurtatu ahal izatea jendeak erabili dezan. Oroitarazi behar da, 2015ean estreinatu zutenez geroztik, hainbat aldiz hetsi behar izan dutela obrak burutzeko. Gaur egun, trenbidea hetsia da eta urte bukaera arte ez lukete irekitzeko asmorik.

Udan ere protestan

CGT sindikatuak ordutegi beteagoak eskaintzea proposatu du. "Garazitik-Baionara bost tren ibiltzea nahi dugu. Gisa berean, Baionatik-Kanbora beste bost martxan jartzea galdegin dugu. Gaur egun, jende anitz Baionara doa lan egitera barnekaldetik eta bideak beteak dira arratsero. Horiek hustu behar dira eta aterabide bakarra trena da", azpimarratu du Dufauk.

Udarako hainbat mobilizazio iragarri dituzte trenbideetako langileek. "Ez dugu amore emanen. Data horiek atxiki behar dira mobilizazioa mantentzeko eta sartzean berriz azkartzeko", aipatu du. Hurrengoa uztailaren 27an iraganen da. Mementoz, ez dute xehetasunik eman nahi baina ekintza bat prestatzen ari direla iragarri du Peio Dufauk.