Iurre BIDEGAIN

Mobilizazioei eutsi, indarra galdu gabe

Gobernu frantsesak plantan eman nahi duen erreformaren kontra beren ahotsa entzunarazten segitzen dute tren gidariek. Udarako hainbat mobilizazio aurreikusi dituzte. Horietariko lehena uztailaren 19an iraganen da Donibane Garaziko herrian.

Donibane Lohizuneko trena blokatu zuten sindikalistek. © Isabelle MIQUELESTORENA
Donibane Lohizuneko trena blokatu zuten sindikalistek. © Isabelle MIQUELESTORENA

Orain arte burutu duten greba mobilizazioaz bilan baikorra plazaratu du Ramuntxo Labat LABeko tren gidariak. Apirilaz geroztik, Gobernu frantsesak eta SNCFek plantan eman nahi duten erreformaren kontra hainbat ekimen burutu dituzte sindikatuek. Elkarrekin. Hori baita, askoren aburuz, greba mobilizazio honen iraupen luzearen giltza. CGT, LAB eta Sud Rail sindikatuen lankidetzaz gain, hainbat kolektibo baita elkartek ere protestarekin bat egin dute hilabete hauetan. Udarako ere mobilizazioak prestatu dituzte SNCFeko langileek.

Larrun Ez Hunki kolektiboko aldarrikapena Saran sostengatu ondotik, Baiona-Garazi tren ibilbidearen egoera deitoratuko dute tren gidariek. Horretarako, manifestazio bat antolatu dute uztailaren 19rako 10.00etan Baxe Nafarroako herrian. Tren ibilbide hori berriz hestea erabaki du enpresak berriki. Ramuntxo Labaten erranetan, urte bukaera arte hetsia izanen da. 2015ean estreinatu zutenez geroztik, behin baino gehiagotan bertan behera utzi behar izan dute zerbitzua. "Toki batzuetan trenbideak ez du atxikitzen uholdeak direlarik. Segurtasuna ez da ziurtatua. Ez dakigu noren errua den, baina norbaitena da, hori segur", salatu du.

Hurrengo mobilizazio egunak uztailaren 27 eta agorrilaren 9 zein 21ean iraganen dira. Baionako besten karietara bere aldarria plazaratuko dutela aipatu du sindikalistak. Haatik, oraingoz sindikatuek ez dute finkatu zer eginen duten.

Hainbeste hilabetez mobilizazioak bizirik mantentzea zaila dela aitortu du Labatek. Batez ere erreformak izanen lituzkeen aldaketak gizarteari ulertarazteko zailtasuna azpimarratu du. Hala ere, orain arte egindako mobilizazioa "indartsua" izan dela dio. Sortuko dinamika ona eta plazaratutako proposamen anitzak goraipatu ditu, hain zuzen. "Parean mugitu ez den Macron bat dugu. Berak zioen mugimendua hilko zela eta aspertuko ginela, eta hemen gara oraingoz", erantsi du.

Aitzina, sostengurik gabe

Sindikalista abertzaleak tokiko hautetsi sostengu eza nabarmendu du. "Florence Lasserre diputatuak gaia aurkeztu zuen Legebiltzarrean eta ez du batere menperatzen. Mespretxuarekin landu dute afera diputatu eta senatariek".

Legea onartua izan eta, SNCF eta Gobernuak hitzarmena finkatzeko hilabete eta erdi dutela azaldu du Labatek. Bilkura egunetan mobilizazioak antolatzeaz eztabaidatzen ari dira sindikatuak. Oztopoak oztopo, hurrengo hilabetean mobilizazioei eutsiko dietela argi dute.