Iurre BIDEGAIN
Entrevista
Beñat Achiary
Errobiko festibaleko zuzendari artistikoa

“Errobiko festibalean kontsumista ez den publikoarekin eztabaidatzen dugu”

Aurtengo Errobiko festibala uztailaren 19tik 21era iraganen da Itsasun. Ezkandrai elkarte antolatzailearen zuzendari artistikoa den Beñat Achiaryk aurtengo ekimenean Joxe Artzeren oroitzapena lagun izanen dutela aitortu du. Hain zuzen, festibalak omenaldi berezi bat eginen dio berriki zendutako artistari.

Beñat Achiary, Errobiko festibaleko zuzendari artistikoa. ©Eider Iturriaga
Beñat Achiary, Errobiko festibaleko zuzendari artistikoa. ©Eider Iturriaga

Badira hogeita hiru urte Errobiko festibala antolatzen duzuela. Zein da hainbeste urtez irauteko gakoa?

Beñat Achiary: Amodioak pazientzia badu. Gure baitako lurra landu behar da, umilki. Maiz maisuak entzun behar dira ere. Pentsatzen dut gakoa hor dela. Gauza sinpleak dira.

Zer da Errobiko festibala zuretzat?

Errobiko festibala memento berezia da nun ikasten ditugun anitz gauza. Eztabaidatzen dira anitz gauza protagonista eta ez kontsumista den publikoarekin. Hori biziki garrantzitsua da ikusgarriak publikoarekin partekatzen baititugu.

Bistan da besta ere bada. Lagunak elkartzen ditugu, gure lore ederrenak, eta horrek plazera suposatzen du. Adiskideen artean ametsak partekatzea goxoa da.

Aurten zein izanen dira ikusleak atzemanen dituen berritasunak?

Errota joaten da bere erritmoarekin eta haren motorra sorkuntza da. Sorkuntzak ematen digu heldu den edizioaren gakoa. Gure festibala pasa eta zer gertatu denari buruz pentsatzen dugu. Emeki-emeki heldu den edizioaren gakoak ematen dizkigu hausnarketak. Erritmo horrekin goaz aitzina. Ez da presarik.

Garrantzitsua da aztertzea zeintzuk izan diren edizio bakoitzaren alde baikorrak eta negatiboak?

Bistan da. Beti badira ikasgaiak zintzilik. Beti horrekin goaz aitzina, ez da mirakulurik. Lan egin, pentsatu, ikusi zeintzuk diren fruituak eta pazientziarekin jo aitzina. 
Nik pentsatzen dut sorkuntzak beti fruituak ekartzen dituela. Sorkuntza gure tradizioarentzat ur fresko bat bezala da. Joxean Artzek hori oso ongi idatzi zuen.

Justuki, Joxean Artze aipatzen duzu, aurten omenaldi berezi bat eginen diozue euskal poetari...

Bai. Lagun mina izan da. Itsasura anitz aldiz etorri da bere anaiarekin. Haren presentziaz gozatu dugu, baina bere presentzia gure baitan bizi da beti. Bere pentsamenduarekin ere aitzina goaz haren bertsoek hatsa ematen baitute. Haren bertsoek gure bidea argitzen dute.

Joxean Artze omentzeaz gain, Euskal Herriko zein munduko kantak goraipatuko dituzue. Zein berezitasun du kantak Euskal Herrian?

Ahoz ahozko abesti eder horiek kantatzeko behar duzu poesia eta euskara maitatu. Gure maisuak dira, kantu horiekin anitz ikasten baitugu. Gure kantuen kultura oso aberatsa da. Partikularki, niretzat, xiberotar kantuena. Modu berezi batean eginak dira.

Nola burutuko duzue omenaldi hori?

Gure kantari bakoitzak bere zaporea eta bere indarra eskainiko du, bihotz bihotzetik. Hori izanen da gure omenaldia. Gure eskuzabaltasunarekin kantua emanen dugu. 


Hainbat animazio antolatu dituzue: hitzaldiak, kontzertuak, ikastaroak... Zein izanen lirateke azpimarratuko zenituenak?

Lehen gaua ederra izanen da. Alde batetik, gure kantuekin hasiko gara, Euskal Herrikoekin. Bestalde, Toni Hymasen saioa pentsatzen dut oso ederra izanen dela. Preseski, Hymas pianistak lehen edizioan parte hartu zuen, 1996an.

Bigarren gauean ere gauza ederrak izanen dira, adibidez, polifoniak okzitanoz. Halaber, dantza garaikidea eta flamenkoa nahas mahas eman dute, bi dantzarik.

Azken gauean, BKO Maliko kantu eta erritmoak emanen ditu beste musikariekin. Seguraski publikoak dantza eginen du. Sekulako besta izanen da.

Ez da ahantzi behar ere tipientzat hainbat animazio badirela. Ostiral eta larunbatean, adibidez, ibilaldi polita prestatu dute.