Baionako bestak ordainduzkoak izanen direla erabaki du justiziak

Joé Mendes sozialistak eta beste bi herritarrek aurkeztutako helegitea errefusatu du Paueko epaitegi administratiboak uztailaren 11n. Hori dela eta, zortzi euro ordaindu beharko dira Baionako bestetan parte hartu ahal izateko.

Kazeta|12/07/2018 13:00|0 comentarios
Guz_baionako-bestak_haurrak_karrikaldia_imiquelestorena06
Baionako Herriko Etxearen erabakiaren mamia aztertu beharko du justiziak. ©Isabelle MIQUELESTORENA

Baionako Herriko Etxeak harturiko erabakia ontzat eman du Paueko epaitegi administratiboak uztailaren 11n. Helegitea aurkeztu zuten Joé Mendesen eta beste bi herritarren iritziz, besteak beste, bestak ordainarazteak hirian libreki ibiltzearen kontra jotzen du. Epaileak dioenez, errekurtsoa aurkeztu dutenen argumentuek ez dute zalantzan ematen hautuaren legezkotasuna. Prozedura judizialen gastuei aurre egiteko, hiru herritarrek 1.000 euro bideratuko dizkiote Baionako Herriko Etxeari.

Paueko auzitegi administratiboak helegitea berehalako auzi baten bidez aztertu du. Hots, Joé Mendesek nabarmendu duenez, mamia heldu den urtean zehar aztertua izanen da. Nahiz eta erabakia ezkorra izan, itxaropentsu agertu da sozialista.

helegitea aurkeztu dutenek, seriosak diren argumentuak garatu dituztela eta epaileak kontutan hartu behar dituela uste du Mendesek. Heldu den urteko bestak berriz urririk izateko lanean segituko dutela azpimarratu du.