Kazeta

Seaskako ikasle guztiek brebeta lortu dute

Nahiz eta zientzietan nota apalak ukan euskaraz idazteagatik, Ikasoletako hirugarren guztiak bakantzetan sartzen dira brebeta ukanez.

"Brebeta ere euskaraz" lemapean egin zituzten hainbat manifa ikasle eta irakasleek aurten.
"Brebeta ere euskaraz" lemapean egin zituzten hainbat manifa ikasle eta irakasleek aurten.

Seaskako zuzendaria den Hur Gorostiagak gaur arratsaldean baieztatu duenez ekaina ondarrean brebet azterketa egin zuten ikastoletako ikasle guztiek gainditu dute kolegioaren amaiera markatzen duen proba. Hala ere, Bordeleko Errektoretzak aurten lehen aldikoz hartu duen erabakiak, lehenik azterketak bahituz eta ondoren horien zuzenketa irakasle ez euskaldunen eskuetan jarriz, bere eragina izan du. Ikasle euskaldunek nota apalagoak izan dituzte. Hala eta guztiz ere, Frantziako Hezkuntza Ministerioari oharra egin dio Gorostiagak: heldu den ikasturtean ere "Seaskako ikasleek brebetako probak euskaraz eginen dituzte".

"Seaskako ikasle, irakasle eta gurasoak" zoriondu nahi izan ditu batez ere. Izan ere, Bordeleko Errektoretzak, eta orohar frantziar Hezkuntza Ministerioak agertutako jokabidea salatu du beste behin ere Seaskako ordezkariak.

Bere ustez, Hezkuntzako arduradunek mespretxuz tratatu dituzte ikasketak euskaraz egiten dituzten ikasleak. "Hala eta guztiz ere, guztiek azterketa gainditu dute; horietarik askok 'mention' batekin pasatu dute azterketa, azterketako emaitza 'ona' edo 'oso ona' kalifikazio jaso ondoren".

Badira zenbait urte Seaskako ikasleek Brebetako matematika eta geografia-historia azterketak euskaraz idazteko baimen ofiziala jaso zuten. Iaz, nahiz eta berme bera ez izan, ikasleek euskaraz idatzi zituzten zientzietako azterketak. Proba horiek zuzenduak izan ziren.