Kazeta

Larrun Ez Hunki eta trenbideetako langileak eskuz-esku

Trenbideen pribatizazioak dakartzan kalteak agerian utzi nahiko dituzte trenbideetako langileek uztailaren 13an Larrunen eginen duten mobilizazioan. Haiekin batera, ingurumenaren aldeko elkarteek Larrun 2020 proiektuaz duten informazio eskasa salatuko dute.

Ekintza berriak iragarri ditu Larrun ez hunkik uztailaren 13an. ©IMIQUELESTORENA
Ekintza berriak iragarri ditu Larrun ez hunkik uztailaren 13an. ©IMIQUELESTORENA

Larrun Ez Hunki eta trenbideetako langileen borrokak batzekoak dira uztailaren 13an. Berriz ere Larrun 2020 proiektuaren inguruan duten informazio eza salatzeko, tontorreraino igoko dira kolektiboko militanteak. Haiekin batera, beraz, greban egonen diren trenbideetako langile zenbaitzuk izanen dira.

"Nahiz eta Larrungo trena tren turistikoa izan, erakutsi nahi dugu pribatizazioak zer kalte ekartzen ahal duen" adierazi du CGTko kidea den Peio Dufauk. Toki baten prezioa 18 eurotik 19 eurora pasako dela laster oroitarazi du, zortzi kilometro eta piko egiten dituelarik bakarrik Larrungo trenak. "Hori aplikatuko bagenu Hendaiatik Bordelera joateko, 400 euro kostatuko luke tokiak 200 kilometro egiteko".

Horrez gain, Departamenduak 40.000 euro ezarri nahi dituela Larrun 2020 proiektuarentzat gogorazi du Peio Dufauk. "Guk erran nahi dugu 10.000 euro beharko lirateela sufreko linea berriz idekitzeko" gehitu du CGTko kideak. Sufreko lineak Angelu, Baiona eta Bokale lotzen ditu. Maiatzean trenbide horren idekitzearen aldeko manifa bat antolatu zuten jadanik.

Informazio eza

Larrun 2020 proiektuari dagokionez, hogeita hamar bat pertsona bildu ziren Jean-Jacques Lasserren etxearen aitzinean uztailaren 7an Bidaxunen. Haien asmoa : proiektua zertan den galdegitea. Departamendu Kontseiluko presidentea etxean ez zenez, gutun handi bat utzi diote baratzean.

"Elkarteak jakinean ezarri gabe aitzinatzen dute proiektua" salatu du Larrun Ez Hunkiko kidea den Ellande Alfarok. "Departamenduak eskaintza deialdi bat egin duela lekuaren antolaketari buruzko ikerketa bat eramateko  badakigu" gehitu du. Hor ere, Departamendua ez dela harremanetan jarri elkarteekin salatu du Ellande Alfarok.

Uztailaren 6eko komunikatu batean aldiz, Larrun 2020 proiektua ingurumenaren errokei begira jartzeko azterketa bat eramanen duela jakinarazi du Departamendu Kontseiluak. Andueaz Agor eta Simethis enpresak hautatu ditu horretarako. Horren karietara, elkarteekin harremanetan jarriko dela ziurtatu du Departamenduak.