Haritz LARRAÑAGA

Sektore ezberdinetako aldarrikapenak batu dira Baionan

Emmanuel Macron Estatu frantseseko presidentearen erreformaren kontra mobilizatzen segitzen dute sindikatuek. Estatu osoan bezala, Lapurdin ere mobilizazio eguna antolatu zuten ekainaren 28an.

Baionako portua blokeatu zuten goizean eta Angelun 400 manifestari elkartu ziren ekainaren 28an. ©Isabelle Miquelestorena
Baionako portua blokeatu zuten goizean eta Angelun 400 manifestari elkartu ziren ekainaren 28an. ©Isabelle Miquelestorena

Estatu frantsesean FO eta CGT sindikatuek atzo deitutako mobilizazio eguna Ipar Euskal Herrian ere islatu zen. Macronen gobernuak daraman politikarekin «errepublikaren eredu soziala» ahuldu egin dela eta «desberdintasun sozialak gero eta nabarmenagoak» direla salatzeko kalera atera ziren arlo eta sindikatu desberdinetako kideak, Garako artikuluak azaldu duenez.

Horrela, trenbideetako greba amaitzear dela, sektore ugaritan gauzatzen ari diren borroka zehatzez harago, sindikatu guztiak norabide berean batzeko deiarekin bat egin zuten Sud Rail eta LAB sindikatuek.

Goizeko 5.30etik 10.00etara Baionako portuko sarbidea blokeatu zuten 130 manifestarik. Eguerdian, greban diren Angeluko Dassault enpresako langileekin batera manifestazioa egin zuten 400 lagunek.

Parisen, mobilizazioen deitzaileek aditzera eman zutenez, abuztuan sindikatu guztiak deituko dituzte irakurketa bateratu bat egiteko. Halaber, datozen hilabeteetan zein gairi emango dioten lehentasuna iragarri zuten: «Laguntza sozialak eta erretreta».