Kazeta

Geroz eta Herriko Etxe gehiago Euskoaren alde

Aintzila, Anhauze, Azkaine, Gabadi, Gamarte eta Ozaze-Züharako herriek Euskal Monetaren proiektua sostengatzea erabaki dute. Zerbitzu publikoek euskoa onartzeaz gain, Herriko Etxeek ordainketak euskoz egiten ahalko dituzte.

Uztaritze eta Euskal Monetaren arteko hitzarmena.
Uztaritze eta Euskal Monetaren arteko hitzarmena.

Geroz eta Herriko Etxe gehiagok Euskal Monetari kidetzearen alde bozkatzen dute. Hendaia, Uztaritze, Lekorne, Baiona, Bastida, Hazparne, Aiherra, Izura eta Sararen ondotik, berriki Aintzilak, Anhauzek, Azkainek, Gabadik eta Gamartek tokiko moneta sostengatzea erabaki dute. Halaber, Ozaze-Züharako herriak ere egitasmoan parte hartzea bozkatu du. Xiberoan euskal monetarekin bat egiten duen lehen herria da.

Kidetzeari esker, herritarrek euskoz burutzen ahalko dituzte ordainketak zerbitzu publikoetan. Halaber, Herriko Etxeek ordainketak tokiko monetaren bidez egiten ahalko dituzte. Hala nola, diru-laguntzak eta hautetsien lansariak.

"Herriko Etxeak horrela euskoaren zirkulazioan, eta gure lurraldean sortua den aberastasunaren zati handiena Euskal Herrian mantentzean parte hartzen dute", azaldu du elkarteak.