Beste besta eredu baten alde

Uztailaren 25etik 29ra iraganen diren Baionako besten egitarau alternatiboa aurkeztu du Gazte Asanbladak. Euskararen presentzia indartu, herritarren parte hartzea sustatu eta parekidetasuna bermatzeko xedea duten bestak antolatu ditu. Besten ordainketari buruzko eztabaidarekiko duen iritzia plazaratu du.

Kazeta|20/06/2018 09:45|0 comentarios
2_bestak_patxa_prentsaurrekoa_2018-06-19
Patxa plazan iraganen den programa aurkeztu dute gazteek.

Euskaldunak, herrikoiak eta parekideak. Baionako Gazte Asanbladak nahi duen besta eredua berretsi du aurtengo egitarau alternatiboaren aurkezpenean. Herriko Etxeak gaur egungo bestak "interes ekonomikoen mesedeetara" antolatzen dituela deitoratu du. Hori dela eta, beste urte batez, hitzetik ekintzetara pasa eta bere proposamena Patxa plazara eramanen du.

Gaurkotasunezko gaia den besten ordainketari buruzko iritzia plazaratu dute kideek. Erabakia desegokia dela eta horrek "besten arima aldatzen" duela erran dute. Beren aburuz, Baionako besten eredu orokorra eta eredu ekonomikoari buruzko eztabaida egin beharko litzateke. Bestetan galtzen den diru zama eztabaida publikora eraman eta elkarrekin aterabide bat atzeman behar dela diote.

"Ez dugu ere osagai mirakulurik, osagai ugari modifikatu, kendu eta gehitu beharko baitira, baina bai segur gara baionarrok gure bestak nolakoak nahi ditugun berriz pentsatzean eta beraz guztia berriz diseinatzean konponbide bat atzemanen dugula".

Gazteen iritziz, Baionako bestak euskara eta euskal kulturaren erakusleihoa izan behar dira. Hori dela eta euskarari merezi duen tokia eskainiko diote egitarauan. Halaber, ospakizunen antolaketarako herritarren parte hartzea ezinbestekotzat jo dute. Ildo horretatik, egitarau alternatiboa "herritik eta herriarentzat" antolatu dutela azpimarratu dute.

Iruñea eredu

Eraso sexistak saihesteko Herriko Etxeak zein mugimendu feministak burutzen duten lana goraipatu dute. Iruñean eragile feministek Herriko Etxearekin batera egiten duen lana eredugarria dela erran dute. "Espero dugu Baionan ere modu horretako elkarlan eraginkor bat egikarituko dela", erantsi dute.

 

Hona hemen egitarau osoa: