Kazeta

Baionatik Hendaiara oinez, etorkinekin elkartasunez

"Haiek, gu dira!" lemapean, Baionatik Hendaiako Erretentzio zentroraino joanen den ibilaldia antolatu du Bizik uztailaren 13 eta 14rako.

Etorkinen aldeko ekimena Baionan. © Bizi
Etorkinen aldeko ekimena Baionan. © Bizi

Etorkinen alde mobilizazioak antolatzen segitzen du Bizi mugimenduak. Apirilaren 3an Hendaiako Erretentzio zentroaren irekitzea oztopatu eta, maiatzaren 1ean, Europara sartzen entseatuz bizia galdu duten 33.305 etorkinak omendu zituen. Orain, ekimen berri bat prestatu du uztailaren 13 eta 14rako.

"Haiek, gu dira!" lemapean antolatutako martxa Baionatik Hendaiara joanen da. Mobilizazioa 15.00etan abiatuko da René Cassin idazlearen sortetxetik, hots, Baionako Herriko Etxearen ondotik. Berrogeita hamar kilometro egin eta, arratsean Arbonara ailegatuko dira parte hartzaileak. Bertan jan eta lo egiten ahalko dute. 19.00etatik aitzina, sostengu gaualdi bat iraganen da pilota plazan.

Biharamunean, 09.00etan, berriz abiatuko dira 15.45ak aldera Pausura heltzeko xedez. Ordu horretan, Xaia ostatuaren aitzinera joateko deia luzatu du mugimenduak. Azken bi kilometroak elkarrekin eginen dituzte.

Bizik aipatu duenez, lehen eguna hamar etapatan iraganen da eta animatuko direnek partez edo osoki egiteko parada izanen dute. Izena emateko: info@bizimugi.eu edo 05 59 25 65 52.