Iurre BIDEGAIN

Euskaraz ikasten segitzeko oztopoak

BIDEOA- Terminaleko ikasleek Hego Euskal Herrian ikasi ahal izateko egin beharreko urratsak aldatzen joan dira azken urteetan. Nahiz eta azken aldaketak onuragarriak izan diren, anitz dira, oraindik ere, ikasleek bidean atzematen dituzten oztopoak.

Urte luze hauetan Hego Euskal Herriko unibertsitateetan ikasi ahal izateko, gehigarrizko indar bat eskatzen zitzaien Terminaleko ikasleei. Iaz, "berririk onena" jaso zuten gazteek. Baxoan lortutako noten batazbestea hamarren gain jarriz lortzen den puntuazioari, azterketa bereko bi nota gehitu diezaiokete puntu gehiago lortzeko. Luzea eta korapilatsua izan da bidea gaur egungo egoerara heltzeko. Eusko Jaularitzak bidea errazteko ahaleginak egin ditzakeela uste du Gillermo Etxeberria Bernat Etxepare lizeoko zuzendari ohiak.

Iban Thicoipe Bernat Etxepareko zuzendariak azaldu duenez, urtero ikasleen %10ak soilik Hego Euskal Herrian euskarazko ikasketak segitzeko hautua egiten du. Ikasleen erranetan, EHUn sartzeko burutu beharreko bide administratiboak traba bat adierazten du askorentzat.

Baxoko emaitzen onarpenarentzako zein izen-emateentzako epeak urteroko buruhausteak dira lizeoarentzat baita bertako ikasleentzat ere. Oier Iriarte ikaslearen erranetan, Ipar Euskal Herritik Hego Euskal Herrira doazen ikasleak "esperimentatzeko ikasleak" bezala kontsideratuak dira. Ekaina erditsuan ikasle zein burasoak "galduak" sentitzen dira unibertsitatean sartzeko burutu beharreko prozeduraren aitzinean.

Urtero lizeoko ordezkariak Eusko Jaurlaritzako eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) kideekin biltzen dira dituzten arazoei aterabide bat atzemateko. Seaskak eta lizeoak berak galdetzen duena Ipar Euskal Herritik datozen ikasleentzat EHUk toki batzuk gordetzea da. Erabaki politiko bat dela uste du Thicoipek.