Kazeta

Eskola euskalduna aldarrikatu dute azterketa egunean

Baxoa euskaraz pasatzeko aldarrikapena entzunarazi dute ikasleek ekainaren 18an René Cassin lizeoaren aitzinean antolatutako ekimenean. Seaskako ordezkariek ere memento hori baliatu dute behar dituzten hogeita bost postuak eskatzeko.

60 bat pertsona elkartu dira René Cassin lizeoaren aitzinean. ©Isabelle Miquelestorena
60 bat pertsona elkartu dira René Cassin lizeoaren aitzinean. ©Isabelle Miquelestorena

Beste urte batez baxoko idatzizko azterketen lehen eguna baliatu dute ikasleek eskola euskaldunaren beharra azpimarratzeko. Pankarta eskutan, 60 pertsona elkartu dira René Cassin lizeoaren aitzinean baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatzeko.

Badira hamabost bat urte eskakizun bera egiten dutela ikasle, buraso zein Seaskak. 2014ean matematika euskaraz pasatzeko eskubidea lortu zutenez geroztik, Hezkuntza Ministeritzak ez du beste aldaketarik ekarri. Matematikak euskaraz egiten hasi direnetik, zuzentzaile aski badirela frogatu dutela dio Seaskak.

Martxoan Gobernuak onartu zuen erreforma dela eta, aldaketa aukerak ikusten ditu. Legedi berrian euskara kontutzen hartzen ahal luketela azaldu du Filipe Lascaray Bernat Etxepare Lizeoko Hezkuntza Aholkulari nagusiak.

Erreforma horri esker, baxoaren baitan pasa beharreko ikasgai kopurua apalduko da. Azterketa jarraituek balio gehiago izanen dute, hain zuzen. Horrez gain, ikasleek beren ikastetxeetan pasako dituzte azterketak. Horrek teknikoki erraztasunak eskainiko ditu.

Brebeta eta postuak

Ekainaren 28an iraganen den brebetaren azterketak ere bere tokia izan du mobilizazioan. Gaur egun, matematika eta historia-geografia euskaraz pasatzeko eskubidea dute ikasleek. Zientziak ere euskaraz pasatu ahal izateko bermea ukan nahi dute.

Errektoreak dioenez, legeak ez du aurreikusten azterketa euskaraz pasatu ahal izatea. Seaskak, aldiz, Hezkuntza Kodeari aipu eginez, ikasleek ikasi duten hizkuntzan azterketak pasatzen ahal dituztela defendatzen du. Iaz egin bezala, aurten ere ikasleek euskaraz pasako dituzte Zientziak, Hur Gorostiaga federazioko zuzendariak iragarri duenez.

Azterketen problematikaz gain, postuen arazoaz ere hitz egin du zuzendariak. Orain arte 350 hautetsik elkartasun mozioarekin bat egin dutela erran du. "Babes horrek erakusten du arazoa Euskal Herria eta Pariseren artekoa dela. Ministeritzak arazoak atzeratu besterik ez ditu egin nahi. Gu, bitartean, sartzea ahal bezain ongi prestatzen saiatuko gara", gehitu du.