Iurre BIDEGAIN

“Hendaiak gaztetxe bat izanen du, bai ala bai”

Maiatzaren 31n kanporatze agindua jaso eta, hemendik aitzina zer eginen duten lantzen ari dira Hendaiako gazteak. Sasiko Gaztetxeak hiriari zein gazteriari egin dion ekarpena kontutan harturik, proiektuari segida emateko aukerak aztertzen ari dira.

Sasiko Gaztetxeak bi urte bete zituen ekainaren 9an. ©Sasiko Gaztetxea
Sasiko Gaztetxeak bi urte bete zituen ekainaren 9an. ©Sasiko Gaztetxea

Ekainaren 9an, bigarren urtebetetzea ospatu zuen egunean, biltzar nagusia antolatu zuen Sasiko Gaztetxeak. Hendaiako Orio auzora ailegatu zirenez geroztik, egindakoa plazaratu zuten elkarteko kideek. Puntu ahulak eta baikorrak nabarmentzeaz gain, hiriari zein gazteriari egindako ekarpenaz hausnartu zuten.

Justiziak APHP Pariseko Ospitaleak erakundeari arrazoia eman ondotik, kanporatze agindua jaso zuten maiatzaren 31n. Data horretatik aitzina, hiru hilabete dituzte okupatzen duten eraikinetik joateko. Aimar Lopez Sasiko Gaztetxeko kidearen erranetan, ordurarte lanketa bat burutuko dute etorkizunean zein alternatiba dauden aztertzeko. Nahiz eta agindua beteko duten, proiektuari eutsiko diote, "jardun oparoa atxiki nahi dugu" erran du.

Hain zuzen ere, bi urte hauetan anitz dira gaztetxeak antolatu dituen animazioak: astero iragaten den bertsu eskola, autodefentsa tailerrak, gaualdiak, eztabaidak… "Bi hilabete hauetan mahai gainean ditugun aukeren forma eta funtsa aztertuko dugu", azaldu du. Auzoek duten iritzi baikorra Gaztetxeak ekarri dituen onuren isla da. Gazteak erran duenez, prozedura judizialaren berri izan zutenean, auzoek lekuko gisa aurkezteko borondatea adierazi zuten. Zalantzarik gabe, egitasmoak bultzada handia eman dio auzoari eta indargunea izan da.

Negoziaketa eza

Badira urteak Hendaitz elkarteko kideak Herriko Etxearekin harremanetan daudela legea errespetatuz egoitza bat lortzeko. Haatik, iragan irailean gazteek negoziaketa guztiak eten zituztela aipatu du Aimar Lopezek. "Herriko Etxeko bilkuran egon ziren kideek itxaropena galdua zutela adierazi ziguten", gehitu du.

Kanporaketa agindua jaso eta, egoeraren berri emateko Kotte Ecenarro auzapezari gutun bat helarazi diote gazteek. "Gure gutieneko asmoak adierazi dizkiogu. Hots, Hendaia ez dela gaztetxerik gabe geratuko". Hilabete hauetan, gaztetxeko kideek nola jardun aztertu eta Herriko Etxearekin berriz biltzea merezi duen gogoetatuko dute.