Haritz LARRAÑAGA

Seaskako irakasle eta langileak postu murrizketen kontra

Beltzez jantzita, Seaskako langile zein irakasleak 25 lan postuen alde mobilizatu dira ekainaren 13an Uztaritzen. Akademia ikuskaritzaren aitzinean antolatutako ekimenean postu murrizketekin lan baldintzak okertzen direla deitoratu dute.

Elkarretaratzea Uztaritzen. © Isabelle Miquelestorena
Elkarretaratzea Uztaritzen. © Isabelle Miquelestorena

Uztaritzen dauden Akademia Ikuskaritzaren bulegoen aitzinean bildu ziren atzo Seaskako 120 langile eta irakasle. Datorren ikasturtean izango diren 230 ikasle berrien beharrei erantzuteko Seaskari dagozkion 25 lanpostuak exijitu zituzten, Garako artikuluak azaldu duenez.

Elkarretaratzearen zergatia Sarako ikastolan irakasle den Xantalek eman zuen: "Hezkuntza Ministerioak proposatu dituen postu murritzekin gure lan baldintzak zinez okertzen ari dira eta arriskuan ezartzen dute murgiltze eredua".

Xantal bera eta Baigorriko irakasle Irati Salaberria Jocelyne Dejoux akademia ikuskariaren ordezkoarekin bildu ziren. "Entzun gaitu, baina ez du erantzunik", nabarmendu zuen Salaberriak bileratik atera ostean. Hala ere, datorren astean Dejouxekin zuzenean biltzeko hitzordua finkatu dutela iragarri zuten.

Mobilizatzen jarraitu

Estatu frantseseko Hezkuntza Ministerioak "Seaskarekin egin zuen hitzarmena zergatik ez duen betetzen" galdegin zuten irakasleek, eta ondorioz, Ministerioaren jarrera negatiboa gaitzetsi zuten. "Hasieran ez zutela posturik emango esan zuten, baina gero borroka bidez 5,5 postu lortu ditugu" azpimarratu zuen Salaberriak.

Egoera honen aurrean, beren iritziz, irakasleek mobilizatzen jarraitu behar dute eta iragan den maiatzaren 4an Baionan egin zuten danborrada bezalako ekimenek izandako erantzun zabala oroitarazi zuten. Aitzitik, elkarretaratzea amaitu aitzin egin zuen hitz-hartzean "indar hori ez dugu galdu behar" abisatu zuen Irati Salaberriak, eta eskatzen dituzten 25 postuak lortu arte ez dutela etsiko gaineratu zuen.

Elkarretaratzean zehar, zenbait lema oihukatu eta Baionako danborradarako Xumai Murua bertsolariak idatzi zuen bertsoa abestu zuten; "gure hezkuntza sistema lanjerran ezarria dela adierazteko" beltzez jantzi ziren manifestariek. "Kalitatezko euskarazko murgiltze sistemaren heriotzarik ez" zioen pankarta nagusiaz gain, zenbait lema zituzten txartelak ere erakutsi zituzten.

Bilera Parisen

Florence Lasserre eta Vincent Bru diputatuek zein Max Brisson eta Frederique Espagnac senatariek ahaleginak egiten jarraitzen dute Jean Michel Blanquer Hezkuntza ministro frantsesak ikastolen aferan duen jarrera itxia alda dezan.

Horrela, maiatzaren 29an Parisen egitekoak ziren baina Blanquerrek atzeratu zuen bilkura aste honetan egin zuten. Oraingoz, ordea, ez da berririk.