Maite UBIRIA

Baiona: bestak ordaintzeko sistema auzitara eraman du oposizioak

Baionako besten ordainketa kudeatzeko zailtasunak agerian utzi ditu Herriko Etxeko oposizioak azken kontseiluan. Jean-René Etchegarayk plantan ezarriko duen dispositiboa auzitan jartzea erabaki dute abertzaleek.

Baionako Herriko Etxeko azken kontseilua iragan zen ekainaren 7an.
Baionako Herriko Etxeko azken kontseilua iragan zen ekainaren 7an.

Heldu den uztailaren 25etik 29ra ospatuko diren bestetan indarrean jarriko den antolaketa eredua onartu zuen Baionako Herriko Etxeak ekainaren 7an eginiko bileran. Aurreikusita zegoenez, besten segurtasun kostuari aurre egiteko auzapezak bultzaturiko ordainketa sistemak eztabaida bizia sortu zuen, Garako artikuluak azaldu duenez.

Baiona 2014 talde abertzaleak eta Baiona Hiria sozialistak ezbaian jarri zuten, bakoitzak bere argudioekin, Jean-Rene Etchegaray auzapezak harturiko erabakia, hots, hiru egunetan jai eremua hesitu eta bestazaleei sarrera ordainaraztea.

Auzapez zentristak izenpeturiko dekretuaren arabera, ostegun eguerditik igande gauerdira jai eremua itxiko dute eta hamar bat puntu ezarriko dituzte bestazaleen sartu-irtenak kudeatzeko.

Izan ere, haurren sarrera doakoa izanen da, 16 urtetik aurrera hasiko baitira kobratzen 8 euroko sarrera. Bisitariek soilik ordaindu beharko dute sarrera. Baionarrek, aldiz, Herriko Etxeak banatuko duen eskumuturra erakutsi beharko dute besta eremuan lasaiki sartu ahal izateko.

Neurri hori kudeatzeko zailtasunak agerian utzi zituzten oposizioko taldeek. Henri Etcheto buru duen zerrendako kideen hainbat hitz-hartzek kutsu aski elektoralista hartu zuten, hala nola Baionatik kanpo bizi den peña kideak edota merkatariak ordaindu beharko ote duen galdetu zutenean. Auzapezak erantzun zuenez, dekretuak argiki uzten du "bestaren eta hiri bizitzaren aktoreek" ez dutela ordainduko. Berehala besta eremuan sartzeko ezarriko diren hamar kontroletan jende pilaketak eta egoera gatazkatsuak gertatu daitezkeela ohartarazi zuen oposizio sozialistak. Anartean, abertzaleek Udalak martxan jarriko duen dispositiboa auzitan jartzeaz gain akordiorako borondate falta salatu zuten.

Herriko Etxeak 400 bat segurtasun agente kontratatuko ditu besten denboran. Dispositibo handia bezain garestia. Gerard Collombek hartu berri duen erabakia bere alde erabili zuen alkateak. «Baten batek zalantzak bazituen, Barne ministroak argi utzi du polizia hedapen bereziak ordaindu beharko direla».