Xan Idiart

Hilabete bat literatura sortzeari emana

"Leku zoragarrian" idazteko parada eskaini nahi dute berriz ere Euskal Kultur Erakundeak, Euskal Itsasbazterreko CPIEk eta Euskal Idazleen Elkarteak. Udazkenean, Hendaiako Nekatoenea baserrian hilabete bateko egonaldia proposatuko diote idazle bati.

Idazleari hilabete batez "Nekatoenean" egoteko parada eskainiko zaio. ©EKE
Idazleari hilabete batez "Nekatoenean" egoteko parada eskainiko zaio. ©EKE

Yolanda Arrieta, Fernando Morillo, Aitzol Lasa… Hainbat idazlek iragan dute hilabete oso bat Hendaiako Nekatoenea baserrian literatura sortzeko asmoz. Euskal Kultur Erakundeak, Euskal Itsasbazterreko CPIEk eta Euskal Idazleen Elkarteak proposatzen duten egonaldia da hain zuzen, 1000 euroko beka bati esker. Egunerokoa idazteari eskainia. Idazle guztien ametsa da hori.

"Leku zoragarria da", ziurtatu du Amaia Hennebuttek miresmena ahotsari dariola oraindik. Bera da Nekatoenean egon zen azken idazlea. Tokiaz maitemindu dela sumatzen zaio. Goizeko 7:30 / 8ak aldera iratzarri, eta baserritik hurbil den badia ttipira zihoan egunero, eta hori "edozein eguraldirekin". Ondoren, Nekatoenera itzuli, dutxatu, gosaldu eta literatura sortzeari ekiten zion. Leihotik Abadiako gaztelua zekusan, itsaso urdina atzean.

Amaia Hennebutte lanean Nekatoenean zenean. © Aitzane Lasarte

"Horrela eraman nituen egunak", erran du idazleak. Ingurumenaz gogoratzen da batez ere, zuraren kraskakoez gauaz zein txorien tiutez. "Usaian urte bat edo bi behar ditut album bat bukatzeko, eta hor kasik hilabete batez egina izan zen."

"Idazleak idazten du nahi duena"

Zertarako album bat ordea? "Zeren eta, Nekatoenean sortzen den literatura gazteentzat izan dadila nahi baitugu", azaldu du Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria den Pantxoa Etchegoinek. "Baina guk ez dugu deus inposatzen. Idazleak idazten du nahi duena, izan ipuin bat, poesia edo eleberri bat." Ondoren, tokiko eskoletan pasatzea eskatzen diote idazleari, bere lanaz edo literaturaz mintzatzeko orokorrean.

Egonaldiaren zortzigarren edizioa dute aurtengoa. Izen ematea hasia da dagoeneko, eta ekainaren 19ra arte dute idazleek beren hautagaitza igortzeko antolatzaileei. Epaimahaia uztail hastapenean bilduko da Nekatoenean hilabete batez egoteko xantza ukanen duena nor izanen den jakiteko. "Balio du zinez", dio berriz Amaia Hennebuttek enbeiaz.