KAZETA

Irrintziko kide bat epaitu dute Parisen

Iragan hamarkadan Ipar Euskal Herrian gertatu ziren hainbat sabotaje egin izana leporatuta, Stephane Caillouri bost urteko kartzela zigorra ezarri diote –horietarik 30 hilabete bete beharrik gabe–.

Irrintziko kideek Ipar Euskal Herrian ohikoak ziren ikurrak erabiltzen zituzten, hala nola, "EH ez da salgai" lema.
Irrintziko kideek Ipar Euskal Herrian ohikoak ziren ikurrak erabiltzen zituzten, hala nola, "EH ez da salgai" lema.

Parisko Dei Auzitegiak egun Seine-et-Marne frantziar departamenduan bizi den herritarrari Irrintzi taldeak bere gain hartu zituen 40 bat eraso leporatu dizkio.

2005. eta 2009. urteen artean, turismo egoitzen, higiezin-bulegoen, bigarren etxebizitzen eta hainbat polizia-etxeren kontra lehergailuz eginiko erasoetan parte hartu izanagatik kondenatu dute 2009an atxilotu zuten gaztea. Berarekin batera atzeman zuten gazte biarriztar baten aurkako auzibidea bertan behera utzi dute.

“Sud-Ouest” kazetak atzo jakitera eman zuenez, garai hartan sei hilabete egin zituen kartzelan Caillouk eta ez du berriz ere espetxean sartu beharko; izan ere, gertakariak aspaldikoak direla eta auzipetuak damua agertu duela argudiatuta, epailea prest azaldu da Caillou baldintzapean aske uzteko.