Kazeta

Luis Iruretagoiena Mont-de-Marsaneko presondegira hurbildu dute

Hamabi dira orain arte Mont-de-Marsan eta Lannemezanera hurbildu dituzten euskal presoak. Azkena Luis Iruretagoiena izan da. Mont-de-Marsaneko presondegira lekualdatu dutela jakinarazi du Etxerat elkarteak.

Martxa Lannemezango espetxeetara. ©Bob EDME
Martxa Lannemezango espetxeetara. ©Bob EDME

Apirilaren 20az geroztik ez zuen lekualdaketaren baten berri ematen Etxerat elkarteak. Asier Borrero euskal preso politikoa hurbildu duten azkena zen. Mont-de-Marsaneko presondegira, hain zuzen. Luis Iruretagoiena ere bertara hurbildu dutela jakinarazi du Etxeratek maiatzaren 17an. Ordura arte, Alençoneko presondegian zegoen, Euskal Herritik 830 kilometrotara.

Hamabi dira azken hilabeteetan frantziar Gobernuak Mont-de-Marsan eta Lannemezanera hurbildu dituen euskal presoak. Lehenak Zigor Garro eta Julen Mendizabal izan ziren. Mendizabal aske gelditu zen martxoaren 31n. Gisa berean, martxoaren hasieran lekualdatu zuten Jon Salaberria ere libratu zuen justiziak.

Halaber, martxoaren 13an lekualdaketa berri bat burutu zuten, aldi honetan Mureteko presondegira. Joseba Fernandez Aspurz Osnytik Euskal Herritik 430 kilometrotara dagoen kartzelara lekualdatu zuten apirilean.