Iurre BIDEGAIN

Seaska: hautetsien arrangura mahai gainean

BIDEOA- Pierre Barrière Akademia Ikuskariak heldu den ikasturterako Seaskari soilik lau lanpostu eskainiko dizkiola berretsi du. Ikastolen federazioak bizi duen egoera larriarekiko beren arrangura adierazi dute hautetsiek. Seaskak, bere aldetik, hautetsien elkartasunari dei egin dio sostengu mozio bat aurkeztuz.

Ospakizun giroan aldarrikapenak entzunarazi daitezkeela frogatu zen aurtengo Herri Urratsen. Eguneko ekitaldia Seaskak bizi duen egoera "larriaren" bozgorailu izan zen. Bertan presente zegoen Pierre Barrière Akademia Ikuskariak Seaskako ordezkari zein hautetsien kezka zuzenean entzun zuen. Oztopoak oztopo, Paxkal Indo elkarteko zuzendariak argi utzi zuen: "Hogeita bost postu behar ditugu eta heldu den sartzean hogeita bost irakasle gehiago izanen ditugu".

Hezkuntza Ministeritzak Seaskari, hartuko dituen 230 ikasle berrien beharrei erantzuteko, lau postu soilik eman nahi dizkio. Azken horrek negoziaketak bertan behera uzteko erabakia hartu du. Negoziaketa horiek zein Euskararen Erakunde Publikoa (EEP), Seaska eta Hezkuntza Nazionalaren artean izenpetutako hitzarmena eguneko protagonistak izan ziren.

Beñat Arrabit EEPko lehendakariak aitortu zuen bezala, Hezkuntza Ministeritzak eskaini nahi dituen baliabideak hitzarmen horretan diotenetik urrun daude. Erakundeak egindako aurreikuspenen arabera, elkarteak hamabost postu behar ditu heldu den ikasturterako.

Hamabost edo hogeita bost, Pierre Barrièrrek ez zuen eskaerei segidarik emateko asmorik erakutsi Senpereko aintziran. Hots, soilik lau postu eskainiko dizkio Seaskari. Ikuskariaren erranetan, postu gehiago eskaintzeak eragin zuzena izanen luke ordezkapenak ziurtatzeko baliabideetan.

Max Brisson senatariak bere arrangura aitortu zuen. Bere iritziz, Euskal Herriko hezkuntzaren berezitasuna kontutan hartu behar da. "Hizkuntzak eta murgiltze sistema kontutan hartzen ez duen kudeaketa baztertu behar da", erantsi zuen. Horrekin bat dator Paxkal Indo. Ipar Euskal Herriarentzat akademia ikuskari propioa aldarrikatu du, hain zuzen.

Sostengu mozioa

Hautetsien eta Ipar Euskal Herriko herrien sostengua bilatzeko xedez, mozio bat prestatu du Seaskak. Testuak Seaska, EEP eta Estatuaren arteko hitzarmenaren irizpideak errespetatzea eta hitzarmena berritzea eskatzen du. Herri Urratsen presente zeuden hautetsien babesa lortu du mozioak jada.

Ekitaldian hitza hartu zuten hautetsien aburuz, Gobernua egoera konpontzeko giltza da eta arazoa Parisera helarazteko ardura diputatuena dela diote anitzek. Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak heldu den astean Barne Ministeritzan duen bilkuran bere arranguraren berri emanen duela aitzinatu du. Seaskak, ordea, argi du : behar dituen lanpostuak lortzeko xedez, mobilizatzen segitzeko prest dago.