Iurre BIDEGAIN

Max Brisson: “Indar batzuek ez dute nahi aitzina jo dezagun”

Max Brisson senatariak Aieteko Adierazpenean parte hartu zuen Ipar Euskal Herriko hautetsi gisa. Ez zukeen inoiz pentsatuko ETA erakundeak bere desagerpena iragarriko zuela zazpi urte beranduago. Arnagako Nazioarteko topaketaren ondotik, bere aburuz, aitzina begiratzeko ordua da.

Aieteko Deklarazioaz geroztik, Max Brisson Pirinio Atlantikoetako senatariak bake prozesuaren aitzinamenduak hurbiletik segitu ditu. Gobernuarekin batera, euskal presoen gaia lantzen duen lan taldearen partaidea da. Hori dela eta, badira hilabete batzuk Covite terrorismoaren biktimen elkartearekin hitz egiteko parada izan zuela.

Max Brissonek Kanboko Arnaga etxean iragan zen Nazioarteko topaketan parte hartu zuen maiatzaren 4an. Bere iritziz, ETAren erabakiak garai baten bukaera irudikatzen du. Haatik, etapa anitz gainditzekoak direla dio senatariak. "Bidea zaila izanen da". Euskal Herriko bake iraunkorra lortzeko, ezinbestekotzat jo du "erritmo onean aitzinatzea".