Trenbideetako langileak berriz ere karrikara atera dira Gobernu frantsesaren erreformaren kontra agertzeko. Aldi honetan, Biriatuko ordainlekua blokatu dute CGT, LAB eta Sud Solidaires sindikatuetako langileek. "Onartezina" den egoera salatzeko, ordu batez pasabidea blokatu diete kamioiei eta hesia altxatu diete autoei. Protesta berri bat iragarri dute apirilaren 23rako, Kanbon.
Fret SNCF adarra pribatura pasatzearen kontra agertu dira trenbideetako langileak, Ramuntxo Labat LABeko sindikalistaren erranetan. Geroz eta merkantzia gehiago Euskal Herritik pasatzen dela dio. Merkantzia hori trenbideetatik kendu eta errepidetik eramana dela deitoratu du.
"Geroz eta baliabide gehiago kentzen dizkigute. Trenbideen egoera geroz eta txarragoa da. Trenbideak egokitzen dituzten enpresa pribatuek arazo gehiago sortzen dituzte", gehitu du. Donibane Garazi-Baiona trenbidearen adibidea gogora ekarri du. "Berriki obrak egin dituzte diru publikoarekin eta jadanik, behin baino gehiagotan hetsi behar izan dute", azaldu du.
Mobilizazio berri bat
Orotara, 120 trenbideetako langilek parte hartu dute astelehen honetan iragan den biltzar nagusian. Labatek erran duenez, %100a mobilizazioarekin segitzeko prest agertu da.
Apirilaren 24rako protesta berri bat iragarri dute Kanbon, Vincent Bru diputatuaren herrian. "Bruk erreformaren alde bozkatu duela salatu nahi du. Asumitu beharko du erreforma horrek eragin zuzenak izanen dituela ere Euskal Herrian", erantsi du sindikalistak.