Iurre BIDEGAIN

Mugikortasuna aztergai Lema Egunean

EAJk antolatzen duen Lema Egunak Garazi-Baigorri lurraldeko mugikortasunaren gaia aztertuko du. Eztabaida-mintzaldia apirilaren 20ean iraganen da Irulegin.

Garazi-Baiona tren ibilbideaz arituko dira parte hartzaileak.
Garazi-Baiona tren ibilbideaz arituko dira parte hartzaileak.

Badira bi urte EAJ alderdiak Lema Eguna antolatzen duela. Hiru hilabetero iragaiten den ekimenak gai anitzak lantzeko xedea du. Pako Arizmendi mugimenduko bozeramailearen erranetan, "eguneroko bizitzaren problematikak" ikertzen ditu.

Panpi Echegaray, Jean Michel Iribarne eta Arizmendi berak Lema Egunean antolaturiko hitzaldian parte hartuko dute. Garazi-Baigorriko eremuaz gain, Euskal Elkargoko egoera ere aipagai izanen dute. "EAJk pragmatikoa izan nahi du. Arazoetaz jabetzeko, egoeraren irakurketa bat egiten dugu. Horretarako, jendea parte hartzea gonbidatzen dugu", azaldu du.

Hainbat lan ildo jorratuko dituzte hitzorduan, hala nola, norbanakoak egiten duen autoaren erabilpena, bizikletei zuzenduriko bideak, zein Garazi-Baiona lotzen duen tren bidea. Gaiari buruzko dinamiketan parte hartuko dutenek beren testigantzak plazaratuko dituzte.

Etorkizunean iraganen diren Lema Egunentzat, EAJk hainbat gai lantzea aurreikusi du: ingurumena eta etxebizitza, adibidez. "Baxe Nafarroan egiteaz gain, Euskal Elkargoan ere antolatuko dugu ekimena. Hurrengoak Donibane Lohizune eta Baionan iraganen dira", erantsi du.