KAZETA

Udako zine egonaldia prest

Gazte egonaldientzako izen-emateak idekiak dira. Hamabi egunez zinematografia eta ikus-entzunezkoan formatzeko aukera ematen die interesatuak direnei.

Duela bi urteko egonaldian, Fermin Muguruza izan zuten gomit gazteek.
Duela bi urteko egonaldian, Fermin Muguruza izan zuten gomit gazteek.

Hirugarren aldiz, Zineleku gazte egonaldia Gasteizen iraganen da uztailaren 23tik abuztuaren 3ra. Izen-emateak zabalik dira Hego eta Ipar Euskal Herriko 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzat. Egun horietan ikus-entzunezko formakuntza, ekoizpena eta emanaldiak ardatz dituen programa bat segituko dute elkarlana eta partekatzea sustatuz.

Hamabi egunez, profesionalen eskola magistraletara joanen dira eta arte inguruko ekimen eta tailer anitzetan parte hartzeko aukera ukanen dute. Denak Santa Maria aterpetxean eginen dute lo, Gasteizko alde zaharrean.

Kalakalab-ek antolaturiko ekimen bat da. Haien helburuak, besteak beste, hezkuntza, parte hartzea, berdintasuna, jasangarritasuna, elkartasuna eta etika soziala dira. Honela proiektu honekin zinematografiak eta ikuste-arteak toki handiagoa hartuko lukete erkidegoan.

Zineleku 2018, Arabako Foru Aldundiko gazteria, Foru Erakundea, Gasteizko Herriko Etxeko gazteria zerbitzua eta Oihaneder Euskararen Etxea-ren laguntzarekin osatua da.

Aurten, "Eskerrak giza eskubideei" kanpainari lotutako proiektua izanen da. Honela, giza eskubideetaz ezagutza eta garrantzia gehituko zaio egonaldiari eta zinemari lotuko zaio. Aurreko edizioak Zarautzen eta Gasteizen izan ziren, 40 bat ikaslerekin.