Maika Lapouble

Apirilaren 19an, berriro karriketan... eta zer gehiago?

IRITZIA- Zerbitzu publikoen defentsan eta Emmanuel Macronek iragarri dituen errefermonen kontrako protesta berri bat antolatu dute apirilaren 19rako. Maika Lapoublek, LABeko Funtzio Publikoko arduradunak, mobilizatzaren beharra azpimarratu du Elekako iritzi artikuluan.

Maika Lapouble, LABeko Funtzio Publikoko arduraduna.
Maika Lapouble, LABeko Funtzio Publikoko arduraduna.

Lan kontratua desegiteaz gain enpresetan, frantses lehendakariak bere politika zapaltzailea eritmo azkarrean aplikatzen segitzen du Zerbitzu publikoak erreformatuz. Pausuz pausu, neurriz neurri, Posta, energia sektoreak, garraioa, hezkuntza, osasuna, dena pribatizatzen ari dira eta erabiltzaileak bezero bilakarazten... Noren onerako ? Denen probetxurako dea pribatizatzen ?

Zerbitzu publikoen puskatze antolatua bizitzen ari gira.

Politika honek maiz ahanzten du zerbitzu publikoak bakoitzaren onerako sortu zirela. Zerbitzu publikoen ardura gizaki bakoitzari eta toki guzietan oinarrizko eskubideen bidea errextea da.

Hala nola sendatzeko eskubidea, ikasteko eskubidea, justizia erabiltzeko eskubidea, segurtasun eskubidea, baita ere komunikazioa, mugikortasuna, informazioa, kultura eskubidea, etab. Zerbitzu publikoak lurraldearen antolaketa orekatua eta berdintasuna bultzatzea arduratzen dira... Hola dea? Politika honek Zerbitzu publikoen dimentsio soziala eta sustatu behar luketen lotura soziala maiz ahanzten du.

Gobernamenduak eramandako Politika hori baliabideen murrizketan adierazten da, aurrekondu eta langile kopuruen murrizketetan. Herriak eta kolektibitateak beren zerbitzuetaz biluztuz eta pobreago bilakaraziz.... Politika hau desberdintasunen sustatzaile bilakatzen da...baina noren onerako ?

Mobilizatu !

Apirilaren 19an, frantsez gobernamenduak eramandako politika hori salatuko dugu eta azkarki mobilizatzen diren trenbide, zahar etxeetako langile eta unibertsitateko ikasleei gure sustengua erakutsiko diegu. Azken erreformak larriak direla eta ondorio latzak ekarriko dituztela ez da dudarik.

Har dezagun osasunaren arloa adibidez, ospitale, zahar etxeetako langileak baita etxeetako laguntzaileak baldintza hain eskandalagarrietan diren nun zerbitzua bera baldintzatzen duten... Kasu honetan zerbitzua eri den jende helduari laguntza eskaintzea delarik. Langileen eskubideak zapaltzeaz gain gure jendeak dira zerbitzu txar honen lehen biktimak. Gaizki tratatze instituzional honen salatzeko ere elkartu behar gira ostegunean.

Hezkuntzarekin segitzeko, baxo eta lizeoaren erreformek erakasleen estatutua baldintzatzeaz gain, postu kopuruak murriztuko dituzte. Goi mailako ikasketentzat, gobernamenduak selekzioa hautatu du eraginkorra ez den sistema bati erantzuteko. Nola Hezkuntzaz hitz egiten ahal da erreformaren helburua kostuak ttipitzea delarik  ? !

Nola aurre egin ?

Aterabideak badira, Hezkuntzan adibidez, eskola bermoldatu behar dela egia da baina horren inguruan gogoetatzeko aukera sektoreko profesionalei eman behar zaie. Zentzu horretan, Hezkuntzak lurralde bakoitzaren errealitateak kondutan hartu behar lituzke beharrei erantzuteko ez ? IEHan adibidez, euskararen erakaskuntza publikoa osoki tokian bertan kudeatzen bagenu bertako egoera eta problematikei zinez erantzuteko ?Tokiko erakundeek euskararen erakaskuntzaren gogoetak osoki beren gain hartzea egokiago litaike tresna egokien asmatzeko eta tokiko errealitateei erantzuteko.

Eta bai, hemen bertan antolatzea... hori balitz aterabidea ?

Erran bezala, 19 an karrikan egonen gira bai, aldi bat gehiago gure hasarrea erakusteko manera bateratuan. Egia da hasarrea erakustearen gain holako egunek lotura soziala ber eraikitzen laguntzen dutela arlo eta belaunaldi desberdinak batzen dituelarik. Baina zer gehiago ? Haserretu, partekatu, bai baina haratago jo behar dugu. Herritarrek nahi duten gizartea eraiki nahi badute, indarrak bateratu behar dira... LAB ek pentsatzen du tokian bertan erabakitzeak bakoitzaren beharrak kondutan harturik, prekaritatea eta desberdintasunak ezabatzen ahal direla, ttipitu guttienez.

Greba isolatuek ez dute frantses gobernamendua gibelaraziko eta tokiko jendeari erantzunen duen tokiko Zerbitzu publiko baten eraikitzen hastea aterabide bakarra da.

Horretarako Ipar Euskal Herrian, Euskal Hirigune Elkargoa tresna egoki bat izan daiteke eta hasier on bat tokiko Zerbitzu publiko honen asmatzeko. Euskal lurraldearen ezagupen administratibo eta instituzioanalak bide ona hartzen lagunduko gaituela uste dugu . Bakoizak bere ardurak hartu ditzan. Garaia da Elkargoak hainbat zerbitzu bereganatzea, eskumenak berreskuratzea, langile, herritar eta denen onerako : garraioa, energia, hurbileko zerbitzuak, hezkuntza ta beste.

Apirilaren 19 an mobilizatuko gira eta ondoko egunetan elkarrekin eraikitzen segituko dugu.