Iurre BIDEGAIN

Epaiaren esperoan “Argi (h)astea” antolatu du Sasiko Gaztetxeak

Apirilaren 23an Sasiko Gaztetxearen auziaren epaia jakinaraziko du justiziak. Bitartean, apirilaren 16an abiatu zuten "Argi (h)astea" ekimenaren bidez, okupazioa hasi zutenetik egindakoa laburbilduko dute gazteek.

 Sasiko Gaztetxearen estreinaldi ofiziala.
Sasiko Gaztetxearen estreinaldi ofiziala.

"Gure itxaropena da ez izatea agur esateko ekimena, baina ziurrenik Sasiko Gaztetxeko azken gaualdia izanen da". Gaztetxeko kideak apirilaren 23an jakinaraziko duten epaiaren zai daude. APHP Pariseko Ospitaleak erakundeak Sasiko Gaztetxearen kontra salaketa aurkeztu ondotik, justiziak eraikinetik kanporatuko dituela uste dute gazteek. Erabakia plazaratu arte, bere eginkizunarekin segituko du gaztetxeak. Hots, Hendaia biziarazi eta zegoen "hutsunea bete", mota askotariko animazioak proposatuz.

2016ko ekainaren 11z geroztik egindako lana laburbiltzeko, "Argi (h)astea" antolatu du Hendaitz gazte asanbladak. "Denok guretzat hartzen dugun gaztetxe horri agur erratea izan daiteke. Baina 'Argi (h)astearen' helburua Hendaiari egin dion ekarpena eta horrekin gozatzen zein ikasten segitzeko beharra azpimarratzea da", azaldu du Aimar Lopez gaztetxeko kideak.

Apirilaren 16tik 22ra adin zein gustu guziei zuzenduriko egitaraua prestatu du. Bidazi kontsumo elkarteak hasiera eman zion barda programari. Gaur Joxe Mari Agirretxe, "Porrotxe", herrigintzaz eta irrigintzaz arituko da 17.00etan. Hurrengo egunetan, gaurkotasunean dagoen ZAD babestu beharreko guneaz hitz egingo dute Hartzea Lopez Arana eta Maddi Sarasuak.

Ostiralean, larunbatean eta igandean bertsu poteoa, bazkaria eta kontzertuak nagusituko dira. Apirilaren 21ean Sasikon jo duten talde gehienek taula gainera berriz igotzeko parada izanen dute, hala nola, Jurgi Ekizak, Kuartzek, Daudanek eta Gorpuzkingek.

Herriko Etxearekin elkarrizketarik ez

Nahiz eta kanporaketa agindua gauzatuko dela argi ukan, etorkizunean zer egin ez dute argi gazteek. Herrian legezko egoitza bat lortzeko xedez, badira hamar urte Herriko Etxearekin akordio batera heltzeko lanean ari direla gazteak.

"Bada urte erdi baino gehiago ez garela Herriko Etxearekin bildu. Bildu garen aldi bakarra izan da proiektu berri bat aurkezteko, gaur egungoaren alternatiba gisa. Ez dugu erantzun argirik jaso. Negoziazio prozesua aski gaizki dagoela erran dezakegu. Argiki erran digute ez garela haien lehentasuna", deitoratu du Lopezek.