Kazeta

Zerbitzu publikoak babesteko karrikara atera dira

BIDEO - Manifestaldi jendetsua izan da Baionan frantziar gobernuaren erreformak salatzeko.

Zerbitzu publikoetako langileak baino haratago, oro har, Emmanuel Macronen erreformek kezkatzen dituztenak ere manifestaldian ziren goiz honetan. Baionan, 3.500 bat pertsona zirela diote sindikatuek.

Herriko etxetik abiaturik, hiriko erdigunea zeharkatu dute eta suprefeta aitzinean gelditu dira. CGTk, FOk, CGCk, FSUk, SUDek, Solidaires eta LABek antolatu dute ekimena. Alderdi komunistak, Europe Ecologie Les Verts eta Generation.s, EH Bai, Aitzina et Bizi mugimenduek ere hartu dute parte.



Trenbideetako CGT sindikatuko kideek Parisen izan behar zuten, baina SNCFeko zuzendaritzak hartu behar zuten trena deuseztatu izana salatu ondoren, Lapurdiko hiriburuan elkartu dira azkenean. Hirurehun bat zirela diote haiek. Zerbitzu publikoetako langileetaz gain, besteak beste, abokatuek eta OGF ehorzketa etxeetako langileek ere sustengatu dute mugimendua.