Goizeder TABERNA

Euskal rockari omenaldi erraldoia

Oholtza gainean mila musikari bilduko ditu Esker1000 ekimenak. 2019ean izanen da, baina lehenago, ElgarRock topaketa antolatu du heldu den ekainaren 30erako, EHZ elkartearekin batera.

EHZk musikari belaunaldi guziak bildu zituen oholtza gainean. © Bob EDME
EHZk musikari belaunaldi guziak bildu zituen oholtza gainean. © Bob EDME

Euskal rockari eginiko omenaldi bat izanen da, baina gibelean, euskal musika sustatzea da helburua. Hedapen handiko ekimena izanen dela asma daiteke, Esker1000 egitasmoak mila musikariri taula eskainiko baitie. Hemendik 2020 bitarte garatuko da eta, azkenean, hamaika rock kantu joko dituzte denek elgarrekin.

Euskal Irratiek bultzatu dute topaketa erraldoia, baina lehen hitzorduarentzat, EHZren laguntza izanen dute. 2019ko kontzertu erraldoia goitatu gabe, heldu den ekainean jada ekimen bat izanen da Ipar Euskal Herrian: ElgarRock. 2017ra arte, EHZ festibala izan ohi zen garaian kokatu dute. "Esker1000-ri eite dion gertakari bat izanen da", zehazten du Maylis Calvet egitasmoaren eramaileetako bat eta ondoko urteko hitzordua prestatzeko giroa berotuko du, hain segur, lehen topaketa horrek.

Esker1000 egitasmoan parte hartzeko izen-emateak idekiak dira. Otsailean hasi ziren musika eskoletan aipatzen eta jada, 10 eta 62 urte arteko ehun bat pertsonek egin dute urratsa. Zaletuei, profesionalei, autodidaktei, denei zuzendua da.

Hala ere, profesional talde bat arduratuko da audizioetaz eta errepiketaz, baina kantuen moldaketaz nahiz bideo tutorialaz ere bai. Iban Larreboure (bateri jole), Patrice Dumora “Watson”(kantari), Rémy Gachis (gitarra jole) eta Xabier Barrenetxeak (baxu jole) osatzen dute taldea.

Italiako Cesena hirian izan zen Rockin’1000 proiektuaren haritik tiratuz sortu da Esker1000. Foo Fighters taldearen abesti bat elkarrekin jotzeko beste hainbat musikari elkartu ziren 2015ean. Ondoko urtean 15 000 entzule bildu zituen kontzertu bat antolatu zuten.

Euskal Irratien egitasmoaren kasuan, helburuen artean agertzen da Euskal Herri osoko musikarien artean sare bat eta harremanak bultzatzea, eta urrunago joanez, Euskal Herri osoko jendea elkartu musikari eta kantari ahots bakar baten osatzea. Eta diaspora barne sartzen dute antolatzaileek. 2020ean, zortzigarren herrialde horrekin lan berezi bat eramanen dute.

"Behar bati erantzuteko sortu dugu egitasmo hori, rockari zor diogun tokia emateko eta sorkuntza bultzatzeko", azaldu du Maylis Calvetek. Oraindik ez dute zehazten ekimen nagusiaren tokia, baina bai zazpi herrialdeetako batean izanen dela.