kazeta

Presoak eta biktimak ardatz foro sozialean

Apirilaren 6tik 8ra iraganen da Baionan eta Biarritzen. ETAren desarmatzearen lehen urtebetetzea baliatuko dute bilan bat egiteko eta ondoko urratsak aipatzeko.

Estatu frantsesak ETAren desarmatzean ukan duen errola eskertu du Jean-René Etchegarayk. © Isabelle Miquelestorena
Estatu frantsesak ETAren desarmatzean ukan duen errola eskertu du Jean-René Etchegarayk. © Isabelle Miquelestorena

ETAren desarmatzearen lehen urtebetetzea hautatu dute ondoko Foro soziala antolatzeko. Apirilaren 6tik 8ra iraganen da Baionan eta Biarritzen. Presoak eta biktimak izanen dituzte aipagai.

"Apirilaren 8ko egunak dena aldatu du" dio Mixel Berhocoirigoinek. "Euskal presoei buruzko mintzagune bat ideki da geroztik Estatu frantsesarekin." Lehen bilan bat eginen dute Foro sozialeko antolatzaileek ekitaldiaren lehen egunean.

Bost preso hurbilduak izan dira dagoeneko, eta baikorrak izateko zantzuak badirela diote bakegileek. Estatu frantsesarekin duten konfiantzazko harremana ez hausteko, hori baino gehiago ez dute erraten oraingoz.

Estatu espainiarrari dagokionez, 52 presori atxilo baldintza hobeak izateko bigarren gradua errefusatu diela oroitarazi dute. Haatik, gauzak han ere mugitzen direla sinetsi nahi du Jean-René Etchegarayk. "Desarmatzearena eta presoen hurbilketa aintzat hartu ditu Espainiak. Ez da asko, baina hori da jadanik."

"Urrats guztiak garrantzitsuak dira"

Biarritzeko Herriko Etxea eta Baionako Industria eta merkataritza ganbararen (IMG)  laguntzarekin antolatua da Foro soziala. "Bakerik gabeko garapen ekonomikorik ez da" dio IMGko presidentearen aholkularia den Pantxoa Bimboirek.  Bere aldetik, Biarritzeko auzapeza den Michel Veunacek erran du "garrantzitsua" dela elkarbizitza sustatzea iraganean borrokatu diren pertsonen artean.

ETAren desegiteari buruz galdezkatua izan da Michel Behocoirigoien. "Beti izan gara Estatuak zein ETArekin negoziatu ezin daitekeen desmartxa batean. Bakerantz doazen urrats guztiak garrantzitsuak dira, baina baldintzarik ez dugu inposatzen. Gauzak aitzinatzen dira bakoitzak egiten baitu zerbait bestearengana. Prozesu interaktiboa da."