Haritz LARRAÑAGA

Bernat Etxepare lizeoak fase berri bat hasi du

Bernat Etxepare lizeoak 2016an abiarazi zuen diru-bilketa kanpaina amaitutzat eman eta fase berri bati ekingo dio saldutako sagarrondoak fruituak ematen has daitezen. Atzo egun osoko besta egin zuten.

Sagarrondo salmenta kanpaina bururatu du Bernat Etxepare Lizeoak. © Bob EDME
Sagarrondo salmenta kanpaina bururatu du Bernat Etxepare Lizeoak. © Bob EDME

Bernat Etxepare lizeoak "Hazten gaitu, hazten dugu" kanpaina amaitutzat eman eta "Euskararen sagartzea" egitasmoa abiatuko du gaurtik aitzina. Eraikin berria hornitzeko orain artean lortu dituzten 250.000 euroak eskuratzeko egin duten lana goratu eta lorpena ospatzeko egun osoko ekimena egin zuten atzo.

Baionako Herriko Etxeak utzitako lurretan lehen sagarrondoak landatzeari ekin zioten atzo eta horrela eman zioten hasiera egun osoko egitarauari. Aperitifa, bazkaria, animazioak eta kontzertuak egin zituzten; beraz, izan zen zer edan, zer jan eta zer ikusi ikastetxe berrian.

Hazia ereiten jarri

Sagarrondoak saltzeari 2016ko maiatzean ekin zioten eta orotara 2.500 sagarrondo banatu ditu ikastetxeak orain artean. Euskal Herri osora hedatu zen egitasmoari esker bazter guztietan landatuak izan ziren sagarrondoak. Orain, saldutako sagarrondoak baliatuz "euskararen sagartzea" sortu dute zenbait herritan, esaterako, Hazparne, Itsasu, Kanbo, Uztaritze, Sara eta Donostian.

Kanpaina aurrera eramateko 45 herriko etxeren laguntza jaso dute, baina oraindik 100 sagarrondo falta zaizkie saltzeko, eta 50.000 euroko mailegu bat eskatu behar izan dute horniketa gastuei aurre egiteko. Ondorioz, diru-bilketa kanpainak ez du etenik izango eta lagundu nahi duen ororentzat ateak irekiak izango dira.

Pasa den astean esaterako, kanpaina amaitzear zela, Senpereko laborari batek 100 sagarrondo erosi eta ekarpen garrantzitsua egin zuen; izan ere, sagarrondo bakoitzaren salneurria 30 eurokoa izan arren, erosle bakoitzaren esku dago hortik gora nahi den prezioa ordaintzea, eta aipatu laborariak adibidez, sagarrondo bakoitzeko 50 euro eman zituen.

Sagarrondoen erosleek bi aukera zituzten. Lehen aukera erositako sagarrondoa etxera eraman eta norberak nahi zuen eremuan landatzea zen. Bigarren aukera berriz, erositako sagarrondoa lizeoari eman eta landatzearen ardura zein atera daitezkeen etekinak haien esku uztea zen.

Fruituak jasotzen hasi

Baionako sagarrondoak landatu ostean, laborari bat arduratuko da berauen mantenu, zaintzaz eta mozkinez aurrerantzean. Ordea, langile horren laguntzaz lizeoko 300 ikasleek diru apur bat ateratzeko urtero egin eta saltzen dituzten sagar zukuentzako sagarrak eskuratzea espero dutela adierazi zion GARAri ikasle batek.

Aurrerantzean beraz, ereindako hazien fruituak jasotzen hasteko tenorea izango da, baita euskara indartzeko egindako lanari dagokionez ere.