Ixabel Etxeberria

Kritika

Hausnarketa, edo kritikari buruzko kritika bat. Hori da hain zuzen ere Ixabel Etxeberriak gogoetatu duena aste honetako eleka sailean.

Ixabel Etxeberria iruditan.
Ixabel Etxeberria iruditan.

Kritika ez dago modan. Funtsean gutxitan hala izan da. Zaila da asimilaziorako indarrei aurre egin behar izaten delarik norberaren kritikan ibiltzea. Izan ere, auto zigorrerako zaletasunaren pizgarri izan daiteke eta askotan alde batera utzia izan da. Ausardia zen lehentasuna eta erran daiteke aitzinamendu ederra egin direla. Kritikarako uneak badaudela diote batzuek besteek bidean egin behar direla, bidea bidean egiten dena,baita, idazleari erreferentzia eginez. Alta, kritikarik gabeko uneetan askatasun ateak hestera doaz. Hau ikusten da gaur egun adierazpen askatasunari gero eta traba handiagoak jartzen zaizkiolarik, presondegiratzeak gertatzeraino. Aszken honetan, adierazpen askatasunari mugak jarri behar zaizkiolaren ideia normalizatzen ari da.

Gurean, Herri Elkargoa sortu denetik lasaitze egoera sumatzen da. Frantses iraultzatik aipatzen den lurralde administratibo bereziaren aldarrikapena helmugara iritsi da. Frantziaren baitan ezagutza zerbaiten lorpena aldarrikapen baten itzulpena delakoan. Elkargoak eskumen gutxi dauka, funtsezkoenak batere baina urratsez urrats lortuko direlakoan gaude. Egitura honek supatzen duen lerro politikoa ez da zalantzan ematen. Ez du horrek erran nahi egin behar denik baina horri buruzko kritika sakonik ez dago, bereziki eraikuntza nazionalari begira.

Hori dela eta, azken asteetan, boz batzuk agertu dira batzuendako helburua besterik zela erranez. Berria egunkarian Maddi Ane Txoperena Iribarren kazetariak horren egiteko ausardia izan du gure lasaitasunerako, gazteak adi daudela erakusten baitu. Maddalen Arzallus-ek ere euskarari lehentasuna eman behar zaiola gogoratu digu. Egia erran euskalzale kopurua handia omen den garaiotan, herri gutxitan gora doa euskararen presentzia herri etxeen bidetik.

Alta gure inguruan begiratuz, kzkatzekoa bada. Izan ere, Kortsikarrak Parisera etxeko lan guztiak ederki eginak gobrnuarekin hitz egitera joan dira. Hauteskundeen bitartez ordezkaritza independentista daukatela, gehiengo handian, etxera itzuli direla deus gabe! Kezka sortzen du! Otsaila honetan Macron Kortsikara joanen da, agian eskumen zerbait eramanen du. Bestenaz zertan geldituko da horraino egindako lana ? Zein izanen da geldituko den bidea? Kezkagarria ez da mugimendu independentistek egiten duten bidea, kezkagarria da estatuek imposatu nahi dutena. Ematen du agintea indartu nahi dutela, herri kudeaketa konkretua dezentralizatzea berdin zaiela(hondarren kudeketa, urarena...) baina estatuaren agintaritza indartzera doazela, askatasun zibilen kontrako neurriak hartuz, zerbitzu nazionala luzatuz, besteak beste. Hizkuntzarena esanguratsua izan da “Madame Corse”-ek erran duelarik frantsesa errepublikako hizkuntza dela, horrekin ozen gogoratzen zuen Frantzia bana ezina dela!

Baina harrigarriagoa izan da gobernutik Espainako biktimen elkarteko ordezkariak errezibitu dituela jakinarazi dutelarik. Orai Espainako biktimen elkarteek bertako ordezkari politikoek baino pizu gehiago dute? Frantziako biktimen elkarteek errana zuten Espainako biktimen elkarteak eredu zituztela, lorpen interesgarriak izan zituztela. Orai iritzia gauzatzen ari ote da?

Ion eta Unai Parot-en arrebaren gutunak militante hauek bizi izandakoa gogoratu digu Mediabasken. Azken hogeita zortzi urteetan jasan dutena. Aipatzen digun memoria ez da lerro nagusikoa, soilik mendekua eta zapalkuntza nahi duten estatu bik sortzen duten errealitatea. Horrek justiziarekin zer ikusia baduela? Batere ez! Kritikari bidea idekitzeko garaia izatea baliteke.