Jon GARMENDIA

Mikel Epaltza

Ziburuko itsasoan sustraitu zitzaizkion zangoak. Apaiztu eta Ameriketara joan zen misiolari, betiere Euskal Herriarekiko lotura atxikita.

0113_gaur8_Epaltza2
0113_gaur8_Epaltza2

Marinelen omonierra da Mikel Epaltza, arrantzaleen apaiza. Itsasoan zein lurrean itsasandreei zein itsasgizonei gertatzen zaienaz arduratzen da, zeruari haien aldeko otoitza luzatzen badio ere, haien haragizko babesle eta laguntzailea da. Jakinduria handiko gizona, historia askoren iturria, eta Lapurdiko kostan biziki maitatua. Ziburuko auzoa den Zokoan bizi da, eta bere etxearen ondoan aurkitzen da arrantzaleen kapera. Bertako hilerri ttipian dago lurperatua Piarres Larzabal apaiza, idazle eta euskaltzaina, maite bezainbeste miresten duena Epaltzak. Haren hilobiaren aitzinean eskaini dizkio lehen xehetasunak Gaur 8ri.

"Lauburua du hor, eguzkiaren bizia, eguzkia baita bizitzaren iturri. Piarres Larzabalek Frantziaren alde egin zuen gerra, eta Alemanian, Polonian eta garaiko Txekoslovakian preso eduki zuten naziek, eta 1951. urtean etorri zen hona erretore gisa. Euskaltzalea zen, eta, politikarekin zerikusirik ez bazuen ere, hastapenetik aterpetzen zituen iheslariak, Baionako katedralean gose greba ere egin zuen haien alde, eta ezin ahantzi Hego Euskal Herriko iheslariei laguntza emateko Anai-Artea elkartearen sortzailea ere izan zela. ETA erakundearen lehen hildakoen zeremoniak hemen egiten ziren".

Kapera erakusten hasi zaigu orduan. "Aldarea Telesforo Monzonen anaia Isidrok eginarazi zuen; itsasontzi bat da, batela, erakutsi nahi balu bezala denak haren barnean goazela".

Lapurdiko Itsas Hegian dago Zokoa, eta biziki auzo ttipia da. "Larzabal hemen zegoen garaian zokotarrek arrantzarekin lotura zuten orobat. Baziren ontziolak, barkuak egiteko, sardinen kontserba fabrika bat ere bai, eta Artha dikerako harri blokeak egiten zituzten langileak; eta haiek denen artean egina da kapera hau, horrela nabari zaio itsasoarekiko lotura".

Frantzisko Xabierren zurezko irudi bat agertzen digu gero, eta ondoan Loiolako Inaziorena dago, Jesusen Konpainiaren sortzaileak biak, baina ideia eta nortasun desberdinekoak. "Ideia etsaiak zituzten. Ez dakit nola konpontzen ziren elkar, baina Inazio maisu bezala hartzen zuen Frantziskok, eta elkarrekin zerbait handia eraiki zuten". Goiko parteko aulkietan doinuarekin lotura dutenak ibiltzen dira. "Altxa Zokoa abesbatza sortu nuen duela hamaika urte, Hondarribian kantatzen egonak gara berriki, eta abesbatzako partaide batzuk orain hasi dira euskara ikasten. Nik kantuaren indarrean sinisten dut, ahotik bihotzera sartzen baita eta herriarekin kantatzeko gogoa pizten baitu".

Guraso iheslarien seme

Azkenik, kaperako kontuak aparte utzi eta berekin lotura zuzena dutenak agertzen hasi zaigu Mikel, bere etxeko salan, konpontzeko daukan aulki bati buruzko historia agertu ondoan, berea kontatzen hasi zaigu. "Aitak eta amak ekarri ninduten mundura; haatik, ez gara gure baitatik sortzen, eta zortzi seme-alaba ekarri zituzten mundura Karmen Solano eta Juan Manuel Epaltzak Uztaritze eta Kanbo artean dagoen Haltsu herri ttipian. Iheslariak ziren biak, gerrari ihesi Lapurdira etorriak. Aita Eusko Gudarosteko komandantea zen, eta preso hartu zuten Duesoko kartzelan; ondotik ofizialen arteko truke bat izan zen eta hala atera zen kartzelatik. Ondorengo historia da gu Iparraldean sortu ginela. Trenbidea ondoan zegoen, eta oroitzen dut iheslari anitz etortzen zirela garai haietan, gure etxean beti jendea zegoela; familia handia ginen bestalde. Aita Lizarrakoa zen, eta ama Lekeitiokoa, baina Mendexan, Deustun, Bilbon ahaide anitz geneuzkan".

Txikitako garai haietaz nagusiki zer oroitzen duen galdetuta, argi du. "Laborari giroan bizi ginen, eta euskaldunak ginen gu, bizkaitarrez hitz egiten genuen gure artean. Jaiak, inauteriak, Eguberriak… dena ospakizun bat zen, ez zegoen egoera tristerik; gauza gutxirekin ibiltzen ginen alai, eta dena partekatzen genuen elkarrekin. Elkartasuna, irekidura, kantua, huraxe zen guk edandako txikitako esnea".

Haltsun urte batzuk pasa ondoan, Donibane Lohizunera mugitu zen familia. "Lau lehenak Haltsun sortu baginen ere, ondorengo laurak Donibane Lohizunen sortuak dira. Aitak beste iheslari batzuekin batera fabrika bat jarri zuen, harekin aterabide bat izan zezaten euskal familia anitzek, gehienek ez baitzekiten itzultzerik izango zuten, edo ez behintzat noiz. Iheslari guztiek ohikoak dituzten galderak zeuzkaten, baina galderekin ez duzu bizitza aurrera ateratzen eta gutxiago platera betetzen; honela, lan bat ukaitea Iparraldean kokatzeko irtenbidea zen". Kuriositatea piztu digu lantegiak, eta gaur egun haren arrastorik gelditzen den itauntzea izan da Mikeli kontakizunarekin arnas pixka bat eskaintzeko formula. "Azkar izena zuen fabrikak, Bidarten zegoen, eta plastikozko gailuak egiten zituzten; bertako jendeak ere egiten zuen lan, ez soilik iheslariek. Fabrika hori 1968ra arte egon zen aktibitatean, baina lege berriak sortu zituen Frantziak, inpostuen ordainketak eta halakoak. Lantegi txiki anitzek ateak itxi behar izan zituzten, ez baitzuten irabazi nahikorik haiek ordaintzeko. Orduan itzuli ziren gurasoak bestaldera, Bilbora".

Itsasoa eta apaizgoa, grina

Baina Mikel ez zen itzuli, itsasoa zuen bere pasio lehena, eta Donibane Lohizune eta Ziburuko uretan sustraitu zitzaizkion zangoak; halere, hurbilean zeukan itsasoa zeharkatu eta urrunago zeuden lurretara joateko enbeia ere piztu zitzaion, apaiz bihurtuta. "15 urterekin, eskola bukatu ondoan, deliberatu nuen apaiz izatea. Hego Amerikara joan nahi nuen, misiolari bezala. Hemen ikusten nituen apaizak, eta mundu pobreago bat ezagutu nahi nuen, zerbitzari izan, ahal nuen hartan laguntza emateko. Ufada berri bat zetorren gainera Latinoamerikatik. 1965. urte inguruaz mintzo naiz, baina han ez zituzten seminaristak nahi, egindako apaizak baizik; beraz, hemen jarraitu nuen formakuntzarekin, Akizen, eta Armadara joateko adinean Antilletara joan nintzen irakasle gisa, Guadalupera. Ia hiru urte pasatu nituen han gazteekin hezitzaile lanak egiten. Jende xume-xumea zen, eta handik izpiritu berri batekin itzuli nintzen, jakinaz Eliza moldatzen ahal dela egiazki pobreekin".

Ahala baduela denok dakigu, eskuetan duen guztia egiten duen beste kontu bat da, ordea. "Guk ahal genuen guztia egiten genuen Guadalupekoei laguntzeko. Platano zelai batean ari ginen lanean bertako herritarrekin. Gazteek esklabotasunaren ondorioak pairatzen zituztela ohartua nengoen, garai ilun haien kutsua hezurretaraino sartua zeukaten, haien arbasoak esklaboak izan zirelako. Ez zuten lurra ukitu nahi, aurreiritziak zeuzkaten horrenganako, lurra eskuekin lantzeak berriro esklabo bihurtuko balitu bezala. Baina lurra dagoen tokian bizitza dago, eta ohartu nintzen pentsamenduak alda daitezkeela, laguntza egokia eskaintzen baldin bada. Eskuekin lan egiteak ez zituela esklabo egiten ulertu zuten, baizik gauza handia dela, eskuak aske ditugula, ez dugula katerik bertan, askotan kateak buruan dauzkagula. Eta kanaberako azukrea, platanoa… landatzen hasi ziren, eskola tekniko bat sortu genuen bestalde, ofizioak erakusteko".

Han egindakoak eta gertatutakoak gogoan ditu oraino Mikel Epaltzak, baita berari begiak zabaltzen lagundu zion pasarte bat ere. "Oroitzen dut laborari zahar batekin gertatu zitzaidana. Apaiz bat txilintxa jotzen ari zen, eta horrela erran zidan laborari horrek: 'Ikus gizon hori, txilintxa jotzen du ni haren etxera joan nadin, baina bera ez da nire etxera sekula etorri, zertarako joan behar dut nik harenera?'. Eta hor, barneko dei azkar bat sentitu nuen, egia baita, Eliza non hasten da? Mendi tontorrean, azpian, edo jendeen etxeetan dago? Jesusen mezua, ebanjelioa, hortik doa: bizi zaitezte elkarrekin, egin bidea elkarrekin, eta oinarrian du bakea, elkarrenganako maitasuna, harremanetan sakontzea, duintasuna, justizia… Teología de la liberación ideiaren barnean zedarritzen dira bide horiek, eta sakratuak bilakatu dira niretzat".

Jesus, Jesus eta Jesus etengabe ageri da Epaltzaren ahoan. "Jesukristorekin lotura handi bat daukat nik", erantzun digu arrapaladan, "ttipidanik datorkit harenganako lotura", eta hizketaldia moztu diogu zehaztasunen xerka, Jesukristori ikusten dion berezitasuna zein den argi diezagun, handia zergatik den konbentzi gaitzan, edo, behintzat, Jesus zer den; eta lehen kolpea eman digu segidan: "Zer den ez, nor den! Nor!". "Askatzailea da Jesus, askorentzako argia, eta Elizaren gainetik dagoen erreferentzia bat; xumeki nahiz xeheki aztertu eta ikasi behar da bere ekintzetatik hasita. Gaixoentzat, pobreentzat, presoentzat, guztientzat zeukan eskaintza bera, eman eta eman beti. Eta sinestuna bazara ala ez, badakizu gizarte, familia edo mundu justu eta zuzen bat sortzeko hark irakatsitako baloreek garrantzia dutela. Erlijioaren mugak gainditzen ditu Jesukristok. Gero, sentimendua dago, eta niretzat su bat bezala da, unibertsalki nozitzen den bihotz kolpe hori, norbait maitatzen duzunean su bat sentitzen baituzu bihotzean, eta nire mugak, oztopoak, loturak askatzen lagundu dit berak, Xalbadorren bertsoan bezala, lotura guzietarik, ez soilik fisikoetatik, ezintasun guztietatik askatzen lagundu nauena".

Hego Amerikakoak

Antilletatik, Hego Amerikara. "Han, Jesusen ebanjeliotik harago zihoan bide berri bat agertu zen: haurridetasunaren sakramentua, anaitasunarena. Argentinan, Txilen… garai latzak bizi ziren, diktadoreak agertu ziren, herriaren kontrako tiranoak, eta ikusi behar zen haiek kristauak zirela, katolikoak, eta herri osoa ere bai, kontraesan handi bat zegoen hor. Haien artean otso eta bildots zirelako erlijio bereko gizakiak, eta diktadoreek gainera Erromatik laguntza jasotzen zuten. Eta esperantzaren gakoa, herriaren askatasuna, edo jendea menpekotasunetik ateratzeko gako handi bat izan zen San Mateoren 25. kapitulua, 'biluzik nengoen eta jantzi ninduzuen, eri nintzen eta bisitan etorri zineten, preso nintzen eta nigana hurbildu zineten'. Haurridetasun horiek dira Askapenaren Teologiak erakusten dituenak, Jesusengana heltzeko egiazko bideak. Bada, Baionako seminarioan nengoelarik Teología de la liberación-en edukia itzuli nuen, besteek ere ezagut zezaten bide hura. Erranen nuke horrek indartu eta handitu gaituela gure kristautasunean".

Elizak baztertua

Elizarekin kritikoa izan da, halere, Mikel, pentsatzen zuena erraten zuelako. Justiziazkoa zena defenditzen zuelako apaiz kargutik apartatua ere izan zen garai batean, eta oraino bide egokiak seinalatzen jarraitzen du. "Elizak bidea dauka egiteko aurretik, gai askorekin; hor daude haurrekin egindako gehiegikeriak, bortxaketak, eta salatzea soilik ez da nahikoa, eraginkorra izan behar da. Euskal Herrian izpiritualitatea albora utzia izan da, eta penaz hartzen dut hori. Niretzat behar-beharrezkoa da bizitzeko, utopiak beharrezkoak dira ere; bakea, justizia eta halako amets borobilak. Izarrekin amestea oso polita da, baina gu ez gara izarretan bizi, eta zerbait lortu nahi baduzu urrats bat eman behar duzu aurrera, herri edo mundu zuzenago bat desira baduzu, hura lortzen saiatu behar duzu, bestearengana iristeko joan egin behar da, eta bide hori elkarrekin egin dezakegu gainera. Horretarako mistika bat behar da, kultura bat, izpiritualitatea. Min hartzen dut Elizaren menpekotasunetik ateratzeko izpiritualitatea bazterrera utzi izanagatik".

"Patxi, gure Patxi" deitzen dio Francisco aita santuari. Gustukoa du. "Ez nuen uste Elizatik halako gizonik jalgi zitekeenik, eskema guztiak apurtzen ditu. Hasteko, aita santu egin zutenean, hotela ordaintzea izan zen bere lehen ekintza, bera denak bezalakoa zela adieraziz. Gazteluan bizi ordez, zapata gorriak jantzi ordez, bere betiko oinetakoekin dabil; jestu anitz egin ditu. Ostegun Santuan bezala, Erromako kartzelara joan zela preso bati oinak garbitzera; presoak, eri daudenak, pobreak, esklaboak eta iheslariak, munduan 60 miloi daudela, haiek denak ditu beti gogoan".

Itsasoa eta apaiz izatea, bi pasioak lotu zituen 1985ean, Itsas Misioaren arduradun izendatu zutenean, eta geroztik buru belarri dabil langintza horretan. Hamar liburu idatzi ditu itsasoa ezagutzera emateko ahaleginean. "'Altxa mutilak' izena du sailak, eta arrantzaleen bihotzetan daudenak erakutsi ditut liburuetan. Lurrekoek ez dakite itsasoan zer bizitzen dugun. Ikusten dute arraina, itsasontzia, tresnak… baina gauza gutxi dakite itsasoko bizitzari buruz. Txoriak daki itsasgizona zer den, hara ez dira kamerak iristen, atunak altxatzen direnean eta halakoetan bai, orduan iristen dira, baina hori soilik ez da itsasoko bizitza".

Berriki Taiwanen egon da itsas apostolutzak gonbidaturik, eta han "itsasoaren esklabotasuna salatzen aritu gara, munduko leku askotan jende gehiegi baitago soldatarik jaso gabe ia, itsasoan bizi eta bertan hiltzen".

Itsasoa eta lurra

"Itsasoa gure ama da. Baina itsasoa eta lurra gauza berdina dira; lurrik gabe ezin gaitezke bizi, janariarendako ezinbestekoa zaigu noski, baina bertako lore eta landareak ikusten ditugu, arbolak, piztiak, gu barne, ekosistema oso bat dago, eta horrek denak zertarako balio duen ulertzeko kultura beharrezkoa da, gure arbasoak mendi eta itsasoari esker bizi izan direla jakinda. Kultura bizitzaren sehaska dela erraten dut nik, eta ez alderantziz; natura ulertu egin behar da eta burua bertan kokatu behar dugu, hari zerbitzatu, lagundu, hau ez da soilik agrikultura eta akuakultura, elikadura lortzeko iturri bezala".

Eta txikitako garaietara egin du salto berriro. "Lekeitiora joaten ginenean ura beti presente egoten zen, erreka bazterrak zirela edo itsasoa zela. Nik betidanik maite izan dut itsasoa; maite ditut itsasgizonak, etengabe aldatzen den mundu bat bezala da, izango dira uhinak, txoriak, edo arrainak, baina itsasora joaten zaren aldi bakoitzean zerbait berria ikasten duzu. Euskal Herriaren nortasunari ere parte handi bat eman dio itsasoak. Itsas hegi guztian 1300. urtetik hona kofradiek eta abarrek bizitzeko modu bat eraiki dute adibidez".

Gu geu ere mistiko samar jarrita, itsaso zabalean bakean izatea posible ote den galdetu diogu Epaltzari, beharbada lurrean ez dagoen zerbait aurkitzen ote den han. "Gizakia dago bakearen gainetik, gerra guztien arduraduna da bera, eta bakerik ez duen gizakiak ez du bakerik aurkituko itsasoan, hara eramango du gerra".

Bakearen artisauen mezua

Euskal Herriko gatazka armatuaren konponbidean, partaidetza zuzena izan du Epaltzak, saiakera askotan ibili da buru belarri, nahiz eta protagonismoen lerroetatik urrundu. Gerra zikina, hildakoak, presoen familiak, denetik ezagutu eta ikusi du berak, eta bakearen artisauen mezua luzatu eta hedatzen dabil orain, "ETAk eman duen urratsa erraldoia baita. Besteari itxaron gabe bakerako erabakia hartzea izugarria da, esanahi handia du". Eta konponbidean zein ondorioen arloan Elizak ere laguntza eskaini behar duela iragartzen du. "2011. urtean kristau talde bat sortu genuen, Atxikberrituz izenekoa, Baionako elizbarrutiko apaizekin eta laikoekin, gizarteak bakea eskuetan hartu duen garaian Elizaren parte batek ere hartu duela jakitera emanaz. Beilak muntatzen ditugu, otoitz eta bake beilak. Jadanik hamabi herri izan dira ekimen hau jaso dutenak, batzuei eta besteei hitza ematen diegu eta gatazka hau zer izan den azaltzen dugu, eta baita nola gainditu behar den ere".