Iurre BIDEGAIN

Ihesaldia eta deportazioaren mugak

Bake prozesuaren baitan, nolakoa da iheslari eta deportatuen egoera? Ihesaldia eta deportazioaren eraginak zeintzuk diren gogora ekarri dituzte hurbiletik ezagutzen duten lekukotasunek. Horrez gain, gaur egungo egoera eta aukera juridikoen irakurketa plazaratu dute Maritxu Paulus Basurco abokatuak, Agus Hernan Foro Sozialeko koordinatzaileak zein EIPK kolektiboko Jon Irazolak.

Gaur egun 85-100 iheslari eta 14 deportatu daude munduan barreiatuak. Euskal Iheslari politikoen kolektiboak (EIPK) ezin du kopurua zehaztu, askok, errepresioa dela eta, isolatzea erabaki baitute. Euskal Herriak bizi duen testuinguru berrian, itxaropentsu dagoela aitortu du taldeak. "Urratsak emanez eta pittaka-pittaka", iheslari guztiak etxeratzea lortuko duela espero du.

Deportazioa zer den ongi daki Abrisketa familiak. Josu Abrisketa 1982az geroztik Cuban dago. Horrek eragina zuzena izan du bere familiarengan, Xabier Tubal Abrisketa Josu Abrisketaren semeak aitortu duen bezala. Distantzia eta denbora neurri politiko horren alde ilunenak direla aitortu du kamera aitzinean.

Haatik, EIPK-k bezala, azken garaian agertutako aitzinamenduak itxaropenarekin bizi izan ditu Xabier Tubal Abrisketak. Alabaina, denbora ez dela galdu behar uste du.

Euskal Herritik milaka kilometrotara dagoen Josu Abrisketak azken hilbateetan Bake prozesuan eman diren urratsak segitu ditu. Bere iritziz, Euskal Herria bera bakea eraiki duena da.

Bake prozesuaren baitan, iheslari eta deportatuen gaia landu behar dela uste du EIPK kolektiboak. "Ilunetik argitara" atera nahi duen taldeak bake prozesuan orain arte eman diren urratsak alde bakarrekoak izan direla uste du. Agenda politikoan sartzeko xedez, gaia mahainganeratu zuten Irungo Ficoban antolatutako I.V Foro Sozialean. Hortik ateratako ondorioak Euskal Herriko gehiengo politiko eta sindikalarekin partekatu dituztela azaldu du Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzailea den Agus Hernanek.