Kazeta

Ezkabatik Urepelera korrika, ihesaldia omentzeko

Apirilaren 21ean iraganen den mendi lasterketa batek Ezkabako ihesaldia omenduko du. 1938ko maiatzean 795 lagunek Iruñeko mendi tontorreko kartzelatik ihes egin zuten. Horietako hiruk soilik Ipar Euskal Herrira ailegatzea lortu zuten. Ezkaba eta Urepeleko herriak lotuko ditu kirol ekimenak.

Ezkaban egindako omenaldiaren irudia.
Ezkaban egindako omenaldiaren irudia.

795 lagunek Iruñeko Ezkabako kartzela frankistatik ihes egin zuten 1938ko maiatzaren 22an. 585 atxilotu zituzten eta 207 erail. Hiruk soilik Ipar Euskal Herrira ailegatzea lortu zuten. Jovino Fernandez Urepeleko herrira heltzea lortu zuen. Kirol ekimen batek Gerra zibilean bizitako gertakaria omenduko du. "La Fuga" deituriko trail lasterketak Ezkaba eta Urepele lotuko ditu apirilaren 21ean.

Oroimen historikoa berreskuratzeko borondateak gidatuta, "Ezkaba egitasmoa" bultzatu du Nafarroako Gobernuak. Horren baitan, "GR 225 Ezkabako ihesaldia" bidea sortu dute. Horrek Iruñetik Ipar Euskal Herrira presoek egindako bidea irudikatuko du. Informazioa eskaintzeko panelak ezarriz, berrogeita hamahiru kilometro horiek egokitzen ari dira. Lanak burutuko dituztenean, Nafarroako Mendi federazioak bidea homologatuko du udaberrian. Ondotik, Nafarroako Gobernuak ofizialki estreinatuko du.

Bidea erabiliz, Kirol Bat Taldea, M2 Eventos enpresarekin batera, lasterketa bat antolatu dute apirilaren 21erako: "La Fuga". Antolatzaileek 795 parte hartzaile lortu nahiko lituzkete, Ezkabatik ihes egin zuten lagunen kopurua. Apirilaren 15era arte izena emateko tartea irekia da elkartearen webgunean.

Kirolariek hamaika ordu izanen dituzte ibilbidea burutzeko. Ibilbidean zehar lokalizatuak izanen dira zakuetan eramanen duten gailu bati esker. Urepeletik Ezkabara itzultzeko, autobusak antolatuko dituzte antolatzaileek.

Ikerketa eta erakustaldi bat

Nafarroako Gobernuak gertakariak gogora ekartzeaz gain, ihes egin zuten presoen senideak aurkitzen saiatzen da iheslariak identifikatu ahal izateko. Azken bi urteetan, Aranzadi Zientzia elkartea Ezkabako presondegian hildakoen gorpuen berreskuratze lanetan murgildu da.

Proiektu beraren baitan, "Botilen hilerriaren" inguruko nazioarteko lan esparru baten antolaketa aurreikusi du Gobernuak. Gune horretan, Ezkabako presondegiko 131 pertsona lurperatu zituzten. Ikerketari buruzko erakusketa bat ere prestatuko du.