Iurre BIDEGAIN

Hirukote gisa, Japoniara salto egitekotan da Willis Drummond

Joseba Baleztena Lenoirrek taldea uztea erabaki ondotik, hirukote gisa segitzearen hautua egin du Willis Drummondek. Ibilbide berriaren lehen kontzertua Baionan eman eta, Japoniara bidaiatuko du taldeak.

Xan Bidegain, Jurgi Ekiza eta Felix Buff. ©Willis Drummond
Xan Bidegain, Jurgi Ekiza eta Felix Buff. ©Willis Drummond

Iazko udan Joseba Baleztena Lenoirrek bere erabakiaren berri eman zien taldeko kideei. Jurgi Ekiza Willis Drummondeko kantariaren erranetan, trantsizioa "naturalki" gertatu da. Udaz geroztik, hirukote gisa entseatzea erabaki zuen taldeak eta emaitza baikorra ikusi eta, bide beretik segitzeko hautua egin dute Ekizak berak Xan Bidegain eta Felix Buffekin batera.

"Ez zaigu burutik pasa Willis Drummond uztea. Ez dugu beldurrik sentitu eta egia erran, emaitzarekin oso kontent gara", aitortu du kantariak. Ez da lehen aldia taldeak gisa horretako aldaketa bati aurre egin behar duela. Ekizak oroitarazi duen bezala, Willis Drummond hirukote bezala hasi zen, eta ondotik kideak joan eta berriek taldearekin bat egin dute.

"Ohituak gara. Horrela da bizitza. Deus ez da iraunkorra. Gauzak beti aldatzen dira eta egokitzen jakin behar da. Prozesu bakoitzaz disfrutatzen ikasi behar da", ohartarazi du Jurgi Ekizak. Hain zuzen ere, gozatzeko mementoak ukanen ditu taldeak heldu den asteetan.

Baionatik, Japoniara

Hirukote gisa estreinatuko da Willis Drummond otsailaren 10ean Baionan. Bar Fest festibalaren karietara kontzertu berezi bat eskainiko du Magneto aretoan. Jaialdiak hamargarren urtemuga beteko du aurten eta horren harira, lehen ediziotik parte hartu duten talde batzuk oholtza gainera igoko dira berriz. Hala nola, Willis Drummond.

Biharamunean, hegazkina hartu eta Japoniara joanen dira Ekiza, Bidegain eta Buff. Otsailaren 13an lehen kontzertua eskaini eta, beste hiru proposatuko dituzte. Baionatik Japoniara Willis Drummondek saltoa nola egin duen galdetutakoan, honakoa dio Ekizak: "ibilbide baten fruitua da".

"Japoniara joatea beti amets bat izan da, baina ez zen helburu finko bat. Amets bat zen, besteen artean. Gure helburua gauzak ahal bezain ongi egitea eta gauza berriak lantzea da", azaldu du artistak.

Taldearentzat musika baizik ez egitea garrantzitsua da. Hots, musika jotzea "lan zozo bat ez bilakatzea, gauza berak errepikatuz". Esperientzia berriez elikatu nahi du Willis Drummondek. Ekizaren erranetan, Japoniako aukera jaso eta, garrantzitsua iruditu zitzaien Euskal Herrian ere data bat lortzea. "Hori da jokoa: gauza berriak esperimentatzea, baina aldi berean etxean pasatzen zaigunarekin gozatzea".