Idoia ERASO

Maskaradei buruzko erakusketa Hebentik kolektiboaren eskutik

Maskaraden pertsonaiei baita ekimenaren nondik-orakoak azaltzen dituen erakusketa ikusgai dago Baionako Euskal Museoan otsailaren 8ra arte.

Helene Jacquelotek eginiko erakusketa da. ©Isabelle Miquelestorena
Helene Jacquelotek eginiko erakusketa da. ©Isabelle Miquelestorena

“Maskaradak eta buhameak, edo tziganoen lekü axolagabea Europako ohiduretan” izena du Xiberoko Hebentik kolektiboaren eskutik Euskal Museoan otsailaren 8ra bitarte ikusgai izanen den erakusketak. Eliane Heguiaphalek eginiko hamabost argazkiek, Helene Jacquelotek eginiko maskaraden pertsonaien eskultura edo panpina txikiek eta ekimenaren ardatz den gaiari buruzko informazioa eskaintzen duten bi ordenagailuk bat egiten dute bertan.

Erakusketaren izenburua eta oinarrizko informazioa Nicole Lougarotek gaiari buruz egindako ikerketan oinarritua da. 2009an Gatuzain argitaletxearekin argitaratu zuen “Bohemiens” liburuan maskaradek ijitoen eskutik Europan zehar dauden beste festa batzuekin bat egiten duela agertzen du. Horri buruzko mintzaldia eskainiko du Lougarotek museoan otsailaren 1ean.

Ohituraren edertasuna erakusten duten adierazpen artistikoez gain, bere jatorria ulertzeko informazioa eskuratzeko bi ordenagailu jarri dituzte. Bertan Hebentik kolektiboko webgunean maskaradez mintzo den tartea ikusten ahal da.

Erakusketa maskaraden garaiarekin bat eginez antolatua izan da. Sasoia abiatua da muskildiarren eskutik, lurraldeko hainbat herritan zehar ibilbidea egiten ari da, apirilaren 22an herrian berriz bukatu arte. Igande honetan Atharratzen ospatuko dute inaute festa.