Iurre BIDEGAIN

Mugaz gaindiko sokorri eta formakuntza zentro bat Donibane Garazin

Donibane Garaziko suhiltzaileen kaserna lekuz aldatuko dute. 2019. urtearen bukaerarako prest izanen den egoitzan, kasernaz gain, mugaz gaindiko formakuntza zentro bat sortuko dute. Europar mailako POCTEFA laguntzak jasoko dituen egitasmoak lan metodoak amankomunean jarri eta ezagutzak partekatzeko xedea du.

Sokorri eta formakuntza zentroa Navarre lizeoaren gibelean kokatuko da. ©Iurre Bidegain
Sokorri eta formakuntza zentroa Navarre lizeoaren gibelean kokatuko da. ©Iurre Bidegain

Donibane Garaziko kasernak berritzeko beharra du. Gaur egun desegokia dela diote bertako suhiltzaileek. Desegokia da, besteak beste, Nafarroako suhiltzaileekin burutzen dituzten topaketak antolatzeko. Horiek horrela, POCTEFA Europar mailako egitasmoari esker kaserna berri bat eraikitzeaz gain, mugaz gaindiko formakuntza zentro bat sortuko dute 2019.urtearen bukaeran.

Gipuzkoa, Nafarroa, Aragoi eta Sdis proiektuaren partaideak dira. Nahiz eta Pirinio Orientalak zein Kataluniak ez duten egitasmoaren hitzarmena izenpetu, bertako profesionalek ere zerbitzua baliatzen ahalko dute.  "Bakoitzak gure lan egiteko moduak ditugu eta metodo horiek bildu nahiko genituzke", erantsi du Jean-Louis Castet Donibane Garaziko suhiltzaileen taldeko kudeatzaileak.

Batak bestearengandik ikasiko du. Metodologiak mahaigaineratuz, eta bakoitzaren berezitasunak kontutan harturik, suhiltzaileak formatuko dituzte. "Gure esku dago lan molde amankomunak sortzea. Azkenean, denek helburu bera dugu: pertsonak salbatzea", azpimarratu du suhiltzaileak. 

Donibane Garaziko suhiltzaileak lankidetzan aritzea ohituratuak dira. Erran bezala, erregularki ariketak burutzen dituzte Nafarroako profesionalekin. "Guretzat, elkarrekin lan egitea aberasgarria da. Plazera da ezagutzak partekatzea", aitortu du Jean-Louis Castetek.

Herriko Etxeen ekarpena

Sokorri eta formakuntza zentroaren txostena osatu bezain laster, proiektuari buruzko hitzarmena izenpetu zuen Sdis departamenduko suhiltzaileen egiturak iazko martxoan Zaragozan. Hori eginda, POCTEFA proiektuan ideia aurkeztea erabaki zuten. Azaroan jakin zuten Europak egitasmoa onartzen zuela.

Orotara, proiektuak 3,6 milioi euroko kostua izanen du. Europak 2,2 milioi euro bideratuko ditu egitasmoa gautzatzeko. Horrez gain, Donibane Garazi eta Oztibarreko hogeita sei herrik ere ekonomikoki parte hartuko dute. Horretarako, proiektua auzapezei aurkezten hasi zieten azaroaren bukaeran.

Suhiltzaileak ohartarazi duenez, herri bakoitzak bere populakuntzaren araberako ekarpen ekonomikoa bideratu beharko du. "Herritar bakoitzeko, hogeita hamar bat euro izanen dira", erantsi du. Auzapez gehienak proiektuaren alde agertu zirela aipatu du. "Oraingoz, ez ditugu denen erantzunak jaso, martxorako denen iritziak bilduko ditugu", gehitu du Castetek.

Oniritziak jaso eta eginbehar administratiboak burutu ondotik, obrei hasiera emanen diete. Herriko Etxeak 5.000 metro karratuko lurra eskaini dio SDIS departamenduko Sute eta Sokorri zerbitzuari. Zentroa Navarre lizeoko atzealdean kokatuko da, hain zuzen.