Kazeta

Euskoekin ordaintzearen kontrako salaketa berri bat aurkeztuko du prefetak

Baionako Herriko Etxea eta prefekturaren arteko prozedura judiziala bertan behera utzi ondoren, Euskoen erabilpenaren kontra joko du berriz Gilbert Payet prefetak. Aldi honetan, Euskal Moneta elkartea eta Baionako Herriko Etxearen arteko hitzarmenaren aurkako salaketa aurkeztuko du.

Baionako Herriko Etxeak hainbat ordainketa burutzeko euskoa erabili nahi du. .
Baionako Herriko Etxeak hainbat ordainketa burutzeko euskoa erabili nahi du. .

Gilbert Payet Pirinio Atlantikoetako prefetak bere nahiarekin segituko du. Hots, Baionako Herriko Etxeak Euskoekin ordainketak egitearen kontra jotzea. Iragan astean, Paueko auzitegi administratiboak prozedura judiziala bertan behera uztea erabaki zuen. Hain zuzen ere, juridikoki, ezin baita delibero baten kontra jo horri buruzko hitzarmena izenpetua baldin bada. Orain, justuki, hitzarmen horren kontrako salaketa berri bat aurkeztea erabaki du prefetak.

Baionako Herriko Etxeak aldi berean bere borondatea mantentzen du. Hain zuzen ere, ordainketa batzuk euskoekin burutu nahi ditu. Hala nola, elkarteei bideratutako diru laguntzak zein fakturen eta hautetsien ordainsarien ordainketa. Jean-Claude Iriart eta Véronique Wagnerrek gutun bat bidali diote Jean-René Etchegaray auzapezari lansaria euskoetan jaso ahal izateko.

Auzapezak prozedura judiziala "muturreraino" eramanen duela azpimarratu zuen Euskal Elkargoko agiantzen ekimenean. Gainera, azpimarratzekoa da Etchegaray ez dela bakarrik afera horretan. Max Brisson senatariak gaia Senatu frantsesera eraman du.

Euskoaren ibilbidea gogoratzeaz gain, Baionako Herriko Etxearen borondatea azaldu dio Ekonomia eta Finantza ministroari, galdera baten bidez. Elkargoek tokiko moneta erabiltzeari buruzko iritzia galdegin dio, hain zuzen. Senatuan iraganen den hurrengo saioan bere erantzuna plazaratuko du ministroak.