Idoia ERASO

"Oroitzen naizeno", emakume bat eta bere memoriaren arteko solasaldia

Maddi Zubeldiaren "Oroitzen naizeno" obrak alzheimerra duen emakume bat eta bere memoriaren arteko solasaldia plazaratzen du. Urtarrilaren 19an Azkaineko ikastolak antolaturik antzezlana eskainiko du herriko Gaztetxean. Emanaldiaz gozatzeko bi sarrera bikoitz zozketatuko ditu KAZETA.EUSek.

Maddi Zubeldiak obra eskaini du Ziburu eta Uztaritzen, besteak beste.
Maddi Zubeldiak obra eskaini du Ziburu eta Uztaritzen, besteak beste.

"Uste dut obra nire esperientzia intimotik baino harago doala, unibertsalagoa den zerbait bilakatzen dela", adierazi zuen Maddi Zubeldia idazleak. Izan ere, “Oroitzen naizeno” sortzeko "idaztearen premia" sentitu zuela baieztatu zuen, amarekin bizi izan zituzten momentu zailak "digeritu" ahal izateko. Hortik abiatuta, agertoki gainean ikus daitekeena, eritasunaren ondorioen kontakizun bizitua, bizipoz eta indarraren erakustaldia eta Euskal Herriko historiaren testigantza ere bada, Garako artikuluak azaldu duenez.

"Bada beste asmo bat ere: ezindua edo eri den jendeari tokia ematea. Jendartean baloratua den gaztetasun edo gaztekeriaren aitzinean ematen dudana emaztea, zaharra eta alzheimerrak jota den norbait da, glamourrik batere ez duena; baina nire ustez interesa badu, istorio xumeak agertzen direlako, eta historia handia istorio xumez osatua da", nabarmendu zuen Zubeldiak. Eta gaineratu zuen: "Hitzik gabe gelditzen denari hitza bueltatzea da".

Francoren garaian Gipuzkoa utzita Lapurdin bizi izan den eta orain bertako zahar etxe batean bizi den Maiteren nondik norakoak agertzen ditu. Hastapenean “memoriaren” laguntza hitz gutxi batzuetarako besterik behar ez badu ere, obrak eta eritasunak aurrera egin ahala bigarrenaren tokia handitzen joaten da: "Interesgarria da ‘memoria’ beste pertsona batek egitea. Antzerkian ‘memoria’ hor dago potente, indartsu, eta gero eta toki gehiago hartzen du. Hor daude, eta bien artean bizi bat osatzen dute, pertsona osoa".

Horren inguruan gogoeta plazaratu zuen artistak: "Lehen emanaldia egin eta gero, erizain batek erran zidan eskertzen zidala oroitaraztea aurrean dituztenak ez direla eriak, pertsonak baizik. Eta inportantea da pertsona eri izanik ere bere osotasunean kontsideratzea, hor dago pertsona, bere historia guztiarekin, adierazi ezin badu ere".

Obra Agurtzane Anduezaren lanekin bukatzen da, protagonista den Zubeldiaren amaren garai ezberdinetako argazkiak hartuta arkatzez eta akuarelaz eginiko irudien bideoa, Zubeldiaren “Nire arintasuna” kantua entzuten den bitartean. Horrela, ikusleari antzezlanean zehar ikusi eta entzundakoa barneratu, sentitu eta gogoetatzeko astia ematen zaio. "Uste dut bideoak emanaldia borobiltzen duela", adierazi zuen.

Idazle, aktore eta kantari

Artista polifazetikoa da Zubeldia, eta bere adierazpide artistikoek bat egiten dute antzezlan honetan, testuaren idazlea eta protagonistetako bat izateaz gain musikari gisa egindako kantuak ere entzun baitaitezke obra honetan. H-Eden taldeko kantariak horren inguruko zalantzak izan zituela baieztatu zuen: "Lanik handiena hori onartzea izan zen, ez ote zen gehiegikeria, baina ingurukoek lasaitu ninduten, koherentzia eta tokia bazuela erran zidaten".