Kazeta

Kataluniako hauteskundeak: ihardokipenak Ipar Euskal Herrian

155. artikulua deitoratzeaz gain, parte hartze "historikoa" txalotu dute EH Bai eta EAJ alderdiek. José Bové eurodiputatuak eragile politiko katalanen kontrako isunak bertan behera uztea aldarrikatu du.

Marta Rovira ERC alderdiko kidea. (@esquerra_ERC)
Marta Rovira ERC alderdiko kidea. (@esquerra_ERC)

Mariano Rajoyk plantan ezarritako 155. artikuluaz hausnartu dute zenbait eragilek Ipar Euskal Herrian. EH Bai alderdiaren aburuz, katalanek geroari buruz erabakitzeko duten "eskubide eta nahiak" mahaigaineratu zituzten atzoko hauteskundeetan. "Kataluniako herriak Espainiar estatuak erabiltzen duen errepresioari aurre eta irabazi egin" diola uste du talde abertzaleak. 



EH Baik katalanek azken hilabeteetan aitzina eramandako lana txalotu du. Agirian hauteskundeetan parte hartu duten herritarren kopurua nabarmendu du. Oroitarazi behar da parte hartzea %81,94koa izan dela. 

Bere erranetan, Mariano Rajoyk martxan jarritako 155. artikulua "bertan behera gelditu behar da" eta ihesean zein preso dauden ordezkari politikoak askatu behar dituzte.



Gisa berean, José Bové eurodiputatuak ere bere iritzia plazaratu du sare sozialen bidez. "Bozka masiboa ondoren, Madrilek bertan behera utzi behar ditu ordezkari katalanen kontrako isunak. Hala nola, preso direnak berehala askatu eta euroaginduak ezeztatu behar ditu", ohartarazi du.



Ipar Euskal Herrian EAJko bozeramailea den Pako Arizmendik 155. artikuluak ez duela ezertarako balio izan nabarmendu du. "Gobernu espainiarrak artikulu hori konstituziotik kendu behar du eta harreman demokratikoak plantan ezarri behar ditu", dio. Halaber, parte hartze handiari erreferentzia eginez, katalanak zoriondu ditu jeltzaleak.



Ildo beretik, Gérard Onesta europar Legebiltzarreko lehendakariorde ohiak "parte hartze historikoa" txalotu du. "Demokraziak irabazi" duela uste du.

Aitzinak ere bere iritzia argitaratu du sare sozialen bidez: