Ixabel ETXEBERRIA

Gora eta beherak

IRITZIA- Izenburuak dioen bezala, gaur egungo gora eta behera zenbait aipatu ditu Ixabel Etxeberriak bere ekarpenean. Arlo politikoari aipamen bat egin ondoren, euskararen egoeraz hausnartu du irakasleak.

Ixabel Etxeberria iruditan.
Ixabel Etxeberria iruditan.

Gure Berriak guneak erakusten du gaurko abertzaleek duten gogotarako grina eta lerro batzuen bitartez dituzten kezken azalpena. Egia da abertzaletasunak urteetan zehar eraiki dituen egiturak lan itzela egiten dutela eta arerio askoren kontra aterabide asko aurkitzen direla euskarari eta gure lurraldeari hauspoa mantentzeko.

Beñat Castorenen lerroen irakurketa interesgarria da laburtzen baitu azken urteetan gertatu den abertzaletasunaren lerratze bat eta hitz zehatzak jartzen baititu gaurko errealitateari. Izan ere bi tendentzia argi ikusten ditu Ipar Euskal herriko egoerari, nonbait indartzen dutena toki askotan sumatzen den ahulezia. Alde batetik euskal estatua hlburutzat duen sensibilitatea eta bestaldetik erregionalismo bat nonbait eroso aurkitzen dena frantses estatuaren barnean.

Bi eremu horien mugak non dauden ikustea zaila izaten da independentziaren aldeko diskurtso askoren muinean asimilazio arrisku handiak daudelako, diskurtsok ez baitut beti ekintzarekin bat egiten. Alegia, denborarekin gauzak aitzinatuko direlakoan adibidez. Horrela bestenaz zazpi lurraldeak bilduko dituen proiektu politikoa nun gelditu den ez baita ikusten.

Orai presoak! Izanen diren bitartean oraina. Ibon Iparragirre hilzorian, Manu Azkarate ondoan. Manuren gutuna ziraragarria, errealitate gordinera eramaten baikaitu, bera ere eri, ezintasunean! Nork du ateko gakoa?

Euskararen inguruan errealitate bera sumatzen da. Izan ere, azken urteek egituren sortzea ikusi dugu baina asimilazioaren arriskua handia da oraindik. Kezka hor dago, lehen lerroan ari direnen artean. Alde horretatik Kontseiluaren proposamena azpimarratzekoa da, alegia aukera dela gaur egun Kontseilua osatzen duten eta euskal instituzioen artean euskararen aldeko politika bat definitzeko euskararen munduan elkarrizketa posiblea baita. Ez litzateke bide txarra. Izan ere, Euskal Herriko bertso txapelketaren finalaren bezperan, euskarak egin duen bidea goi mailara heltzeko itzela baldin bada ezin da ukatu gure karriketan euskara oso gutxi entzuten dela dakitenen artean ere... Noski menpekotasunaren emaitza dela eta ofizialtasunak ere ez diola eskaini euskarari estatu normala 1978an sortutako autonomian. 50 urte normalizaziora heldu gabe, nahiz eta alderdi batzuek hori segurtatu orduan! Argi da euskal elkargoak eginen dituen urratsek euskararen etorkizuna zalantzan ematen dituela, elkargoak hartu duen abiadura ez baitu berez deus segurtatzen. Abiatu orduko euskararen inguruko lehen kalapitak ikusi ditugu.

Haatik, baikor izan behar gara, errealistak baina baikor. Eta arrazoinak ditugu ere, euskaraldia iniziatiba, BAM dinamika bezala, zazpi egunez euskaraz. Belaunaldi berriek euskararen alde urrats berriak ekartzen dituzte euskalduntze lana ez baita lan makala oraindik, hiztun gehiegi galdu ditugu, hau irauli behar da! Eta Durango! Ea euskaraz irakurtzeko gogoak asetzen dituen!