Iazko Sanferminetan hemezortzi urteko neska bat bortxatzea egotzi zieten bost gizonei. Auziak gaurtik azaroaren 24ra iraunen du. Prokuradoreak hogeita bi urte eta hamar hilabeteko kondena galdegin du bost gizonentzat. Sexu eraso jarraitua, intimitatearen kontrako delitua eta lapurreta egozten diete, hain zuzen.
Salatzailearen "intimitaterako duen oinarrizko eskubidea" babesteko, Iruñeko Justizia Jauregian antolatu den auzia ateak hetsita iraganen da.
Lehen saioan leporatzen zaizkien gertakariak onartzen dituzten galdetuko diete akusatuei. Beren abokatua den Agustin Martinez Becerrak bost gizonak hobengabeak deklaratuko direla aipatu du Jauregira sartzerakoan.