Kazeta

Linky kontagailuak: gardentasun eza salatu du Herri Berrik

Baiona, Biarritz, Angelu eta Arbona ondoren, Donibane Lohizunera ailegatu dira Linky kontagailuak. Oposizioko taldea den Herri Berrik gaiari buruzko informazio eza deitoratu du, batez ere Herriko Etxea eta Enedis enpresaren partetik. 

Herri Berri taldearen prentsaurrekoa Linky kontagailuei buruz. ©Isabelle Miquelestorena
Herri Berri taldearen prentsaurrekoa Linky kontagailuei buruz. ©Isabelle Miquelestorena

Linky lehen kontagailuak Donibane Lohizuneko Ichaca auzora ailegatu dira, bertako auzoek jakinean izan gabe. Hain zuzen, Herriko Etxeak ez die abisatu. Haatik, gutunak bidali dizkie kontagailu elektronikoaren aldaketaz ohartarazteko, baina ez die zehaztu Linky kontagailuak zirela. Herri Berri oposizioko taldeak Enedis enpresaren egin moldea deitoratu du.

Peio Etcheverry-Ainchart Herri Berriko kidearen aburuz, herritarrei informazioa eskaini behar zaie. "Ez da berandu, instalazioak hasi berri baitira", dio. Donibane Lohizuneko taldea ez da kontagailuen kontra agertu, baina azpimarratu du: "Gai horri buruzko ikerketa kontrajarri anitz burutu dira. Ez gara adituak, beraz ezin dugu erran nork duen arrazoia. Hala ere, ezjakintasun horren aitzinean prebentzioa hobesten dugu".

Gainera, instalazio horiek eragin dezaketen kostu ekonomiko eta ekologikoei buruz ere zalantzak ditu.

Pascal Lafitte taldeko kideak ere argitasuna aldarrikatu du. "Bakoitzak alde eta kontra diren argumentuak ezagutu behar ditu. Gisa horretan, norberak hartuko duen erabakia argiki egina izanen da", erantsi du. Bere ustez, Herriko Etxeak ez du behar bezala informazioa eskaini. Hori dela eta, herritarrek ez dute iritzi bat ukaiten ahal.

Bizi elkarteak gaiari buruzko bilkura publiko bat antolatu du urriaren 24rako Donibane Lohizunen.